Donostiako biktimen berri biltzen duen liburuxka jaso du udalak
‘Memoriaren erretratuak’ izeneko lana eman dio Eusko Jaurlaritzako Jonan Fernandezek Juan Karlos Izagirre alkateari. Euskal gatazkaren ondorioz 1960 eta 2010 artean hil zituzten donostiarrak zerrendatzen ditu.
Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, opari batekin joan da gaur udaletxera. Izan ere, euskal gatazkaren ondorioz, 1960 eta 2010 bitartean Euskal Herrian izan diren biktimen zerrenda egin du Jaurlaritzak, Memoriaren erretratuak izenburupean; eta Donostiako kasuei dagokien liburuxka eman dio Juan Karlos Izagirre alkateari. Baikortasunez jaso du liburuxka alkateak, baina, aldi berean, udala ere bere sufrimenduaren mapa propioa osatzen ari dela jakinarazi du. “Hiri honetan egon den sufrimenduaren berri izateko balio digu liburuxka honek. Udalean hiriaren sufrimendu mapa osatzen ari gara, eta lan horretan lagunduko digu. Gure ustez, arlo honetako edozein lan inklusiboa eta irekia izan behar da, eta azken emaitza ere halakoa izango dela ziur gaude”, azaldu du alkateak. Hala, udalaren lanerako baliagarria izango da Jaurlaritzak osatutako txostena, alkatearen hitzetan: “Lehen eskutik ezagutu dugu Eusko Jaurlaritzak egindako lana. Mahai gainean ditugu dokumentu ofizialak eta ez ofizialak, eta hau ere dagoeneko badauden lanetara batuko da”. Jonan Fernandezek azaldu duenez, udalei lana erraztu nahi diete liburuxkekin. Biktimen memoria tokiko esparruan lantzea nahi baitute, berriro ere halako eskubide urraketak ez gertatzeko; “udalek memoriazko politika osatzea nahi dugu, izen-abizenekin”, azaldu du Fernandezek.
Donostiako liburuxkan jasotako kasuak honakoak dira: 107 ETAk edo antzekoek hildakoak; 4 GALek edo Batallon vasco-españolak hildakoak; 11 poliziak hildakoak; 4 egiletza ez zehatzekoak; eta 5 ikerketa gehiago behar dutenak. Fernandezek aipatutakoaren arabera, txosten irekia da Jaurlaritzak osatutakoa, eta informazioa zabaltzeko erabili nahi dute.
Liburuxka banaketaren lehen fasean ari da Jaurlaritza, autonomi erkidegoko hiriburuetatik hasita. Joan den astean Bilboko alkateari eman zioten euren liburuxka, eta datorren astean, Gasteizko alkateari emango diote. Ondoren, gainontzeko herrien txanda izango da, 146 liburuxka osatu baitituzte guztira.