Santa Agedari abestuko diote asteazkenean, makilen erritmoan
Urteroko ohiturarekin jarraituta, hirian kantuan ibiliko dira Añorgako Amassorrain ikastolako haurrak
Inauteri eta kaldereroei ongi etorria emanez, urtero bezala datorren asteazkeneko Santa Ageda bezperan makilekin lagundutako kantuez beteko dute hiria ikastoletako haurrek, baita helduek ere. Besteak beste, Añorgako haurrek auzoan barrena ibilaldia egingo dute, tartean helduei parte hartzeko aukera eskainita. Ikastolako atarian hasiko dituzte kantuak, 17:15ean, eta inguruetako baserriak eta txokoak bisitatuko dituzte, auzoa alaituz. Amaiera 20:30erako aurrikusi dute.
Gainera, Añorgako Amassorrain ikastolako haurrek goizetik hasiko dituzte makil erritmoak eta kantuak. Hala, txikienak eskean irtengo dira 11:00etan, ohitura zaharrak berpizteko asmoz eta lurra esnatzeko saiakera eginez, makilak astinduko dute Santa Ageda bezperako koplak abestuz. Dena den, Añorga ez da Donostian Santa Ageda bezpera ospatuko duen auzo bakarra; hiriko gainerako ikastoletako haurrek eta helduek ere makilak hartuko dituzte asteazkenean.
Ohitura nahasiak
Erlijio katolikoak Cataniako Agata santuaren eguna ospatzen du otsailaren 5ean, eta ohitura da egun horretan edo bezperan herrietan koplak kantatu eta diru edo janari eske ateratzea. Euskal Herriko herri askotan, makilekin ateratzen dira kalera, erritmoa markatzeko lurrean joaz. Dena den, beste jai askotan bezala, elementu paganorekin nahasita dago festa, eta santua abere gisa irudikatzen da batzuetan. Gainera, uste baten arabera, Santa Agata bezperako gauean banatzen dira hurrengo urteko ekaitzak.