Udalak 600.000 euro banatuko ditu erretiratuen elkarteen artean
Jon Albizu Gizarte Ongizate zinegotziak diru laguntza horien garrantzia azpimrratu du.
Irabazi asmorik gabeko erretiratuen elkarteen artean banatzeko, 600.000 euroko diru kopurua onartu du udalak. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu ditu diru laguntza horien oinarriak. Dirulaguntza horiek bideratzen dira, batetik, eraikin eta egoitzen mantenua eta funtzionamendua hobetzeko, eta, bestetik, jarduerak antolatzeko: Zahartze aktiboa edo partaidetza sustatzeko, elkarteen arteko harremanak bultzatzeko, eta baloreak bultzatzeko eta belaunaldien arteko harremanak laguntzeko.
Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak diru laguntza horien garrantzia azpimarratu du: “Donostia hiri lagunkoia da adineko pertsonekin; pertsonak ardatz dituen hiri eredu bat dugu helburu eta eredu horretan, adinduak oso aintzat hartzen ditugu hainbat arlotako politikak ezartzeko orduan; irisgarritasuna, etxebizitza, kultura eta aisialdi aktiboa, gizarte zerbitzuak … Zahartze aktiboa bere jarduera estrategikoaren ildoetako bat da”.
Hirian erretiratuen 23 elkarte daude, horietatik 16 udal egoitzetan, eta guztira, 15.000 bazkide baino gehiago dituzte. Elkarte horiek hiriko hainbat auzotan daude eta zerbitzua ematen diete adinekoen kolektiboei, udalaren esanetan, bakardadea arinduz. Eurek proposatu eta antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzen dutela dio udalaren oharrak, eta euren kolektiboaren beharrak asetzen dituzten zerbitzuak erabiltzen dituztela.