Zikinkeria ugari dakar ibaiak. (Argzkia: Estitxu Zabala)
Ez da giro Donostian. Ostiraletik haizea eta euria etengabe dabiltza hirian, eta itsasoa ere zakar dabil. Asteburu guztian udal zerbitzuek adi jarraituko dute denboralea, ezbeharrik gerta ez dadin. Urumea ibaiak zikinkeria ugari ekarri du, eta olatu handiak ikus daitezke Pasealeku Berri aldean. Iragarpenek, gainera, eguraldi euritsua dakarte datorren astera arte.
Udaleko Krisi Mahaiak Leizaola Pasealekua eta Haizearen Orrazia 16:30ean irekitzea erabaki du, itsasgora igaro ondoren. Ordu horretan, Salamanca Pasealekuko auto zirkulazio mozketa erretiratuko dute, eta ibilgailuak erabiltzeko debekua Pasealeku Berrira bakarrik mugatuko dute. Pasealeku Berritik oinezkoei igarotzeko baimena emango diete, ordu horretatik aurrera, Urgullek, aldiz, itxita jarraituko du.
Martutene eta Txomin, ibaiari begira
Bart gauean, 22:00an inguruan, Urumea bere gorenera iritsi da, alarma maila joz. Beraz, Txomineko eta Martuteneko bizilagunek aukera izan zuten Garberako parkina erabiltzeko, autoak bertan utziz. Ondoren, 2:00ak aldera, ordea, beheruntz egin du ibaiak, eta goizean Urumea plana desaktibatu du udalak. Hala, autoa Garberan utzi ondoren, 64 bizilagunek erabili dute auzora jaisteko dBusek jarritako zerbitzu berezia.
Kursaal zubitik Pasealeku Berri aldera olatu handiak ikus zitezkeen. (Argazkia: Estitxu Zabala)