Tabakaleraren kanpoaldean egingo duten plaza, egitasmoaren arabera. (Argazkia: Donostiako Udala)
Tabakalerarekin batera, Atotxa-Egia inguruaren biziberritzeak inguruaren izaera erabat aldatuko du, oinezkoentzat eta egoteko zonalde zabalak sortuko direlako eta lur azpiko pasabidera sarbideak nabarmen hobetuko direlako.
Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsororen hitzetan, hobekuntza hauei Blas de Oteroko lorategiaren azpian eraikiko den Musika eta Dantza Eskola berria gehitu behar zaie. Hain justu, udalak Blas de Otero biziberritzea planteatzen du eta bertan «inguru atsegin bat» eratzeko helburua dauka. Zonaldea diseinatzeko, udal gobernuak bizilagunen proposamenak jaso nahi ditu, hilabete honetan bertan martxan jarriko duen parte hartze prozesu baten bidez. Udal gobernuak 1,2 milioiko inbertsio aurrekontua dauka aurrekontu proiektuan.
Inguru honetan beste lan garrantzitsu bat Blas de Otero lorategien azpian kokatuko den Musika Eskola izango da. Eraikina irailerako bukatuko da, ikasturte berriarekin eta Nestor Basterretxea plazako obren amaierarekin batera.