Komikiguneak euskal komikia hedatzeko bidean darrai
Frantziako Angulema hiriko museo batekin elkarlanerako hitzarmen bat itxi du aldundiak, eta horren bidez, Donostiako egoitzak 1.000 agiri baino gehiago jasoko ditu.
Komikiguneak iazko urrian ireki zituen ateak, Errege-Erreginak Katolikoen kalean, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker. Finean, Komikiaren mundua eta euskal komikiaren historia ezagutaraztea du helburua, eta 30.000 agiri inguru dituen bilduma jasotzen du; hala eta komikilari eta ikertzaileen bilgune izateko bokazioa du. Bide horretan jarraituz, aldundiko Kultura zuzendaritzak hitzarmen bat sinatu du Frantziako Angulema hiriko museo batekin, Cite internationale de la bande dessinee et de l’image izenekoa, hain zuzen ere. Kolaborazio horri esker, Komikiguneak 1.000 agiritik gora jasoko ditu, eta elkarlanerako bidea irekiko dute, euskal komikia hedatzeko. Komiki eta komikigintzan berezitutako aldizkariek osatzen dute aipatutako bilduma. Erreferentziazko hiritzat jotzen dute Angulema, komikiaren munduan, horra hor akordioaren garrantzia.
Bestalde, urrian Komikigunearen aurkezpena egin zenetik izandako kontsulta eta lagatze igoeraren berri ere eman dute gaurko agerraldian. Ikerne Badiola Kultura diputatua eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendaria arduratu dira guztiaren berri emateaz, Komikigunean bertan.