Lorpen berri bat egin du Stop Kaleratzeak plataformak
Errenteriako Angel Serranok Santander Bankuaren aurkako epaiketa irabaztea lortu du.
Stop Kaleratzeak plataformako kideak nahiko pozik agertu dira gaur goizean, Egiako epaitegiaren aurrean. Izan ere, gaurkoan albiste onak emateko bildu dira. Zehazki, Errenteriako Angel Serranoren kasua aurkeztu dute. Santander bankuarekin hipoteka kontratua zuen Serranok, eta epaile batek erabaki du kontratu horrek abusuzko hiru klausula zituela. Beraz, Serranoren alde atera da epaia eta etxebizitzaren enkantea baimentzen zuen preozedura debekatu du. “Bankuek ez dute gizatasunik, eta gobernuak oraindik gutxiago. Herrialde honetako hipoteken legea lotsagarria da, eta gobernuak ez du ezer ere aldatu”, aipatu du Serranok berak gaurko agerraldian.
Plataformako kideek azaldu dutenez, astelehenean ebatzi zuten epaia, kontratuko hiru klausula abusuzkokoak zirela jo ostean, baliogabetuta. “Aurrerapauso bat da, plataformak asko borrokatu du eta epaileak denean arrazoia eman digu. Ez da posible nik 1.000 euro bakarrik zor ditudanean, bankuak nire zor guztia eskatzea, hitz egiteko aukerarik eman gabe. Gainera, duela urtebete etxebizitza salgai jartzeko gai izan ziren. Borrokan jarraitu dugu eta lortu dugu, baina honek ezin du horrela geratu”, gehitu du Serranok.
Itxaropena zabaldu dute
“Kaleratzeak Stop plataformaren helburua fede oneko zordunak babestea da, eta epai honen bitartez justizia letra larrietan idatzi izanaz pozik gaude”, aipatu dute. Gainera, epai horri esker, banku berarekin mailegua zuten beste lagun batzuentzako itxaropen izpi bat zabaldu dute.