Atotxako autobus geltokirako proiektua aurkeztu dute Donostiako taxi gidariek
Donostiako taxi gidariek Atotxako autobus geltoki berrirako proiektu alternatiboa aurkeztu dute. PPko zinegotzi Iñigo Arcauzek helarazi du taxisten proiektua, guztion beharrak asetzen dituelakoan.
Arcauzen esanetan, Atotxako autobus geltoki berriak alde batera utzi ditu taxiak, proiektuan ez dutelako taxientzako lekurik egin. Horrela, orain tren geltokian dauden 8-10 taxiak dira geltokiak izango dituen taxi bakarrak: “Taxistek adierazi digute plaza horiekin ez dela nahikoa, eta gutxienez 50 plaza beharko direla etorkizunean. Beraiek aurkeztutako proiektuan, beste 16 taxi sartuko lirateke aldaketa handirik egin gabe”.
Taxisten proiektuaren arabera, 16 taxi horiek tren geltokiaren aurrean sartuko lirateke, gaur egun autobus geltokia dagoen gunean: “Gure ustez, proiektua sinplea eta eraginkorra da; espero dugu udal gobernuak kontutan hartzea, ezinezkoa delako etorkizuneko autobus geltoki bat eraikitzea taxiak hartzeko espaziorik gabe. Eta ezin dugu ahaztu bertan dagoela ere tren geltokia, etorkizun batean Abiadura Handiko Trena izango duena”.