Donostiak partehartze hitzarmena sinatu du Baiona eta inguruko herriekin
Izagirrek azaldu duenez, kulturaren, turismoaren eta mugikortasunaren arloetan mugaz gaindiko ekintzak sortzea da helburua; Zuzendaritza Batzordearen lehendakariak bi alkateak izango dira, eta hilabete honetan gaika antolatutako hiru Lan Batzorde, osatuko dituzte.
• Kultura Batzordea:
Euskara ordezkari Nerea Txapartegi eta Mugaz Gaindiko Gaietarako ordezkari eta Aglomerazioko Komunitateko kontseilari Peio Claverie izango dira lehendakarikide; sustatzailekideak berriz, Donostiako Kultura zuzendari Amaia Almirall eta Euskal Museoaren zuzendari Rafael Zulaika. Batzorde honen lanen helburua lurraldeko eragileek abiatutako ekimenen ugaritasuna antolatzea izango da. Eragileen artean daude, zehazki, Miarritzeko Malandain Balleta, Baiona Euskal Kosta Eskualde Kontserbatorioa, Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionala, Euskal Kultur Erakundea, Aglomerazioko Arte Eskolak, Aglomerazioko Museoak, udalerrietako Kultura Sailak, etab. Era horretan, lankidetzarako dinamika berriak jarri ahal izango dira martxan.
• Turismo Batzordea:
Turismo, Kirol eta Garapen Ekonomikoko kontseilari ordezkari Josu Ruiz eta Euskal Kosta – Atturri Aglomerazioaren lehendakariorde eta Miarritzeko alkate Michel Veunac izango dira lehendakarikide; sustatzailekideak, halaber, Donostiako Turismo zuzendari Manu Narvaez eta Baionako Turismo Bulegoko lehendakari Henri Lauqué. Batzorde honek Donostiak, Goazen turismo klusterrak, mugaz gaindiko Bihartean Merkataritza Ganberak eta Turismo Bulegoek turismoaren sektoreko enpresen artean hurbilketak sustatzeko asmoz sortutako ekimenak koordinatuko ditu, eta Donostia 2016ren esparruan turismo eskaintza bateratuak sortzeko mugaz gaindiko proiektu berriak sustatuko ditu.
• Mugikortasun Batzordea:
Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Mugikortasuneko kontseilari ordezkari Jon Albizu eta Mugaz Gaindiko Gaietarako ordezkari eta Aglomerazioko Komunitateko kontseilari Jean-Pierre Laflaquière izango dira lehendakarikide; sustatzailekideak, berriz, Donostiako Mugikortasun zuzendari Angel Querejeta eta Aglomerazioaren joan-etorrietarako zuzendaritzako kide Jean-Luc Louis. Batzorde honen lanek, Garraio Sindikatuaren bitartez, babesa emango diote Donostiako Udaleko eta Aglomerazioko taldeek sortutako dinamika berriari, Baiona eta Donostia artean mugaz gaindiko mugikortasun irtenbide berritzaile eta iraunkorrak garatzeko helburua duen proiektu europar handinahia prestatzearen esparruan.