Donostia bisitatzen duten 10 turistetatik 9,5ek hiria gomendatuko luekete. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Guztira 523.118 bisitari izan dira hirian 2014an, eta gehienak atzerritarrak izan dira.
Donostiako turismoaren datuak hazten jarraitzen dute; iaz 523.118 bisitari jaso zituen hiriak, 2013an baino %6 gehiago. Hazkundea ez da masiboa, eta hori ere datu ona da Turismoko zuzendari Manu Narvaezen arabera. Horrela, jende gehiago etorri arren kalitatea mantendu eta zenbaitetan igo egin dela azpimarratu du zuzendariak, eta ondorioz, hiria bisitatzen duten 10 turistetatik 9,5ek hona etortzeko gomendioa egingo lukete. Narvaezekin batera iazko datuak aurkeztu ditu gaur Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek.
Ezaguna da hiriak turista kopuru handiak erakartzen dituela uda aldeko hilabeteetan, eta datuek ere hori islatzen dute; abuztua da hilabeterik indartsuena, 58.728 bisitari jasoz eta %4 haziz. Jarraian, ekaina eta uztaila datoz, 54.147 eta 54.649 bisitarirekin, hurrenez-hurren. Bietan ekainak izan du hazkunde nabarmena, %11 2013arekin alderatuta. Irailak berriz, 50.998 bisitari izan zituen, %6 haziz.
Narbaezek azpimarratu du hazkundea orekatua izan dela, eta horrek ahalbidetu duela zerbitzuen kalitatea mantentzea. Horren adibide da urria, izan ere, %13 hazi da da, 52.587 bisitaritekin. Hazkunde horren eragile izan dira, besteak beste, hilabete horretan egindako bi kongresu: “Zaila da haztea, dagoeneko hazkunde maila gorenean gaudelako, eta horregatik, gure helburua hazkunde orekatua eta zentzuzkoa egitea da. Horretarako oso garrantzitsuak dira Convention Bureaurekin egindako akordioak, gure helburu nagusia turismoaren garapen jasangarria bideratzea delako”.
Hiriaren atmosfera da gehien baloratzen dutena Donostia bisitatzen dutenek; Narvaezen esanetan, hiriak alor guztietan 7,8 eta 8,9 arteko puntuaketak jaso ditu. Puntu beltzena, aldiz, garraioa eta mugikortasuna dira: “Bisitari kopuru handiak dauden egun edo asteetan oraindik ere ez dugu asmatu behar guztiei erantzuna ematen; dena den, 2016ari begira, alor horretan aitzindariak izango diren berrikuntzak dauzkagu eztabaidan”.
Horrela, 2016 urtea turismoarentzat garrantzi handikoa izango da zuzendariarentzat: “Ziur gaude datorren urtean markak hautsiko ditugula, eta horrek ardura handia sortzen du, giroa eta bisitarien zein hiriaren bizi-kalitatea mantendu nahi ditugulako”.
Australiako bisitariak, geroz eta gehiago
Turista kopurua hazi egin da, eta bere jatorria ere pixkanaka aldatzen joan da azken urteetan. Horrela, iaz inoiz baino atzerritar gehiago etorri ziren hirira, %51,4. Narvaezentzat, erronketako bat bete dute zifra horrekin: “Guretzat oso garrantzitsua da atzerritarrak erakartzea, besteak beste, denboraldiz kanpo erakarri ditzazkegulako. Horrela, bakigu Australiatik bisitari asko izan ditugula udazkenenan”. Hain zuzen ere, Australiako turistek laugarren postua dute, Frantzia, AEBak eta Erresuma Batuaren atzetik. Bostgarren postua berriz, alemaniarrek dute.