IRPH Erakundeak indizea baliogabetzen duen lehen epaia ebatzi du Merkataritza Epaitegiak
IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak adierazi duenez, Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak estatu espainiarrean IRPH Erakundeak delako indizea baliogabetzen duen lehen epaia ebatzi du. IRPH Erakundeak delakoa da gaur egun oraindik indarrean dagoen IRPH aldaera bakarra, eta Kutxabank-ek aplikatzen jarraitzen du zenbait mailegutan. “Kalteturiko familia kopurua handia da oso, beraz IRPH Erakundeak baliogabetu duen lehen epai hau mugarri oso garrantzitsua da indize hauen aurkako borrokan, epai historikoa da”.
Epaiak indizea gehiegizkoa dela dio, eta Kutxabank zigortzen du indize honekin kobratu diren guztiak itzultzera. Gainera, Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko abokatuek jakitera eman dutenez, maileguaren kontratuan ordezko interes egoki bat ez zegoenez mailegua interesik gabe geratzen da, eta ondorioz kaltetuek ez dute inolako interesik ordainduko aurrerantzean.
IRPH Kutxak
Epai hau Gipuzkoako Entzutegi Probintzialak epaile honek berak ebatzi eta Kutxabankek helegitea jarri zion IRPH Kutxak indizea baliogabetu zuen lehen epaia atzera bota ondoren iritsi da. “Entzutegi Probintzialaren erabakia ezagutu ostean ebatzi izanak frogatzen du Entzutegiak IRPH Kutxak baliogabetu zuen lehen epaia atzera botatzeko erabili dituen argudioak ez direla nahikoa IRPH indizeak abusuzkoak direnik baztertzeko”.
Entzutegi Probintzialak IRPH Kutxak baliogabetzen duten beste 30 epaitik gora aztertu behar ditu orain, Kutxabankek helegitea jarri baitzien guztiei. Atzo ezaguturiko epaiari esker kaltetuak baikor daude eta uste dute beste 30 epaiak Entzutegi Probintzialak berrestea.