Mintzanet atarira 20.000 euro bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
Internet bidez euskara praktikatzeko doako plataforma Maramara taldeak sortu zuen; mintzapraktika behar dutenak eta laguntzeko prest daudenak harremanetan jarriz.
Mintzanet, etxetik atera gabe euskara praktikatzeko aukera ematen baitie. Dagoeneko bi urte baino gehiago dira Maramara taldeak ataria sortu zuenetik, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, eta ordutik 500 lagunek bat egin dute bertan. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara saila ere bidelagun izan ditu hasieratik Mintzanetek, baina gaurkoan, bultzada berezia jaso du. Izan ere, ataria garatzeko eta indartzeko, aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu, hitzarmen baten bidez; “Euskararen normalizazioari egiten dion mesedeagatik”, aipatu du Zigor Etxeburuak, aldundiko Euskararen Normalkuntzarako zuzendari nagusiak.
Maramarako kide Ritxi Lizartzak argi utzi du Mintzanetek ez duela ez helburu ekonomikorik ez didaktikorik ere, helburua, euskara praktikatu nahi dutenei horretarako aukera ematea baita. Hainbat datu ere aipatu ditu Lizartzak; orain arte, esaterako, 500 lagun igaro dira ataritik eta ordubete inguruko 2.500 praktikaldi egin dituzte; momentu honetan, 230 eta 270 erabiltzaile inguru ditu Mintzanetek. Ordenagailu, tablet zein eskuko telefonoetatik erabili daiteke Internet bidezko mintzapraktika, azken batean, ordutegi, geografia, bakartze linguistikoa eta bestelako oztopoei aurre egiteko sortu baitzuten. Beraz, erabiltzaileen %80 Euskal Herrian baldin badago ere, badira diasporako kideak ere, euren lanagatik atzerrira joan behar izan dutenak, eta aspalditik kanpoan bizi diren euskaldunak. Hala, Shangai, Txile Argentina eta Ingalaterran dauden euskal hiztunak bateratu ditu.
Mintzanet erabiltzen hasteko, Mintzanet atarian sartu beharra dago. Hala, datu pertsonal batzuk eman ostean, moderatzaile batek bikoteak osatzen ditu, eta elkarrekin harremanetan jartzen ditu. Elkarrizketak beti bi kideren artekoak izaten dira, batetik, euskara praktikatu nahi duen lagun bat egoten da, bidelaria, eta bestetik, euskara menperatzen duen beste lagun bat, bidelaguna. Skype erabiliz eta webcam bidez euren buruak ikusi eta hitz egiteko aukera izaten dute erabiltzaileek. Gainera, arduradunek argi utzi dute ez dagoela adin mugarik, 16 eta 90 urte arteko erabiltzaileak baitituzte. “Azpeitiko zahar etxean baditugu bi emakume, bertakoen laguntzaz Internetera konektatu eta Mintzanet erabiltzen dutenak. Gazteei laguntzen diete eta eurek ere saria jasotzen dute, lagun berriak eginez, bertatik mugitu gabe”, azaldu du Lizartzak.
Mintzanet Sariak
Ritxi Lizartzak gogorarazi du, II. urtez jarraian Mintzanet Sariak banatuko dituztela otsailaren 19an. Sari banaketa Parte Zaharreko Doctor Camino liburutegian egingo dute, eta bertan, bidelagun eta bidelari onenak sarituko diuzte, euren jarreragatik.
Euren inguruan euskaraz hitz egiteko aukera ez duten lagunei zuzendua dago