Sarrionaindiak idatzitako hitzak musikatuko ditu Gosek Intxaurrondon
http://youtu.be/fspLczGjKH0
Ostiralean ‘Gosariak’ ikuskizuna taularatuko du kultur etxean, 22:00etan.
Korrika kulturalak emanaldi berezi bat ekarriko du ostiralean Intxaurrondo kultur etxera. Gose taldekoek Joseba Sarrionandia idazlearekin eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artistekin elkarlanean sortu duten proiektua da Gosariak. Lana bada Goserena, baina ez Goserena bakarrik, eta horregatik asmatu diote izen propioa egitasmoari: Gosariak. Sarrionandiak idatzi ditu hitzak, musika jarri die Gosek, eta artistek eman diote formatua hartu-eman horri. Testu, doinu eta irudiak uztartzen dituen kutxa moduko bat da azken emaitza. Esana dute: artefaktu bat. Elkarlanean sortua. Autoekoitzitakoa. Goserena izan gabe, Goserena ere badena.
Kanta bakoitzari arnasa propioa ematea erabaki dute azkenean, bai idazleak eta bai musikariek ere. «Testuak sentsazio batzuk pizten dizkizu, leloa zein den esaten dizu, eta batzuetan zer estiloko kanta nahi zuen ere iradoki digu Sarrionandiak». Hala, elektro-swing doinua du Zoroetxeko harresia kantak, punk-rock abesti zuzena da Anaren hiri arraora, habanera kutsua du Katuen kantua-k, itsasoari buruzko bals herrikoien eitea du Txalupa abestiak, eta arabiar aire bat du Bederatzi te kikara basamortu ertzean kantak.
Sarrerak 9 eurotan daude salgai Donostia Kulturan.