Iazko aurrekontuak luzatzea erabaki du Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Iazko aurrekontua luzatu eta udalbatzarretan maileguak eskatuta aurrera egiteko asmoa dauka udal gobernuak, eta oposizioak herritarrak zokoratu dituela salatu du.
Urtea hasi zenetik udaleko arlo guztien aurrekontu proiektua aurkeztu du udal goberunak, baina gaur erretiratzea erabaki dute, oposizio guztiaren ezezkoa jasota. Horrela, aurrerantzean iazko aurrekontua luzatuz egingo dute aurrera, eta zenbait proiektu aurrera ateratzeko udalbatzarretan maileguak eskatzea planteatu du udal gobernuaren Ogasun arduradun Jabi Vitoriak. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren esanetan, “ulerkaitza” da oposizioko zenbait alderdik proiektua irakurri aurretik ezezkoa eman izana, eta herritarrak alde batera utzi dituztela leporatu die hiru alderdiei.
Aurtengo aurrekontu proiektua iazkoaren oso antzekoa izan arren, bazuen berezitasun bat; lehen aldiz, aurrekontu parte hartzaileak izateko diseinatu dira, hau da, auzo guztietako hiritarrek beren proposamenak egin ondoren diseinatu dira. Alkateak zehaztu duenez, 20 milioi euroko aurrekontuaren %40 hiritarren proposamenei erantzuteko bideratuta zeuden aurrekontuak, eta beraz, oposizioak bizkarra eman die donostiarrei: “Proiektua irakurri aurretik baztertzeak erakusten du oposizioaren erantzukizun eza; ez dute herritarren parte hartzeaz hitz egin ere nahi, ezezkoa besterik ez dugu jaso. Ezetzaren oposizioa da”.
Iaz EAJren onespenarekin onartu zituen udal gobernuak aurrekontuak, eta aurretik PSEren onespena izan zuela gogora ekarri du alkateak, baina oraingoan hiru alderdiek bat egin dute proiektua atzera eramateko: “Oposizioak ez du herritarren etorkizunean pentsatu, eta alderdikeriaz jokatu du. Horregatik, aireratu nahi dudan galdera hau da: zein da alderdiek egin nahi duten politika, herritarrak alde dituena edo kontutan hartzen ez dituena?”.
Herritarren proposamenak, aurrera
Horrela, iazko aurrekontuetan onartutako dirua aurtengo aurrekontura igaroko da, eta auzoetako eskaerek izango dute lehentasuna. Izagirreren arabera, auzoak dira oposizioaren erabakiaren ondorioak jasango dituztenak: “Garbi utzi nahi dut zeini eman dioten ezezkoa PPk, PSE-EEk eta EAJk; herritarrei eman diete ezezkoa, ez guri bakarrik. Bere aldetik, badirudi EAJk gaizki ikusten duela udal honek diru gehiago lortzea hiriak beharrezko dituen proiektuak aurrera ateratzeko. Gure ustez, jarrera hau ulertezina da, joko politiko honen kaltetuak donostiarrak direlako”.
Aurrekontuen proiektua erretiratu arren, alkateak nabarmendu du hiritarrek helarazi dituzten proposamenak bideratzea izango dela udal gobernuaren lehentasuna: “Gure proposamena aurrera atera ez bada ere, baditugu beharrezko tresnak diseinatutako proiektuak aurrera atera daitezen. Beraz, donostiarrei mezua bidali nahi diet, aldaketak aurrera jarraituko baitu ilusio eta indarrarekin, eta orain arte adierazi dugun moduan, gizarteari bideratutako proiektuak eta enplegua sortzeko ekimenak bultzatzen jarraituko dugu”.