Ramon Gomez, 2011n, bere hautagaitzaren aldeko kanpainan. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Miren Albistur izango da Donostiako PPren hautagaia maiatzeko udal hauteskundeetan, Euskal Autonomi Erkidego mailako zuzendaritzak erabakita, Gipuzkoako ordezkarien iritziaren kontra. Izan ere, Gipuzkoako PPk Ramon Gomez aukeratu zuen hautagai gisa, Donostiako udaletxeko egungo bozeramailea.
Bada, PPko presidente Arantxa Quirogak albisteak sortutako ika-mikari buruz hitz egin du gaur Gasteizko Legebiltzarraren atarian, eta Miren Albisturren aldeko apustua berretsi du. “Ramon Gomez Donostiako alkategai gisa mantentzea ez zen aukera onena”, esan du. Gomez aspalditik ezagutzen duela adierazi du, “hogei urte”, eta bere balioa goraipatu du, baina ez du haren hautagaitza egoki ikusten. “Beste funtzio batzuk beteko ditu”, zehaztu du. Gipuzkoako ordezkariek hartutako erabakia ez dela “oso demokratikoa” izan nabarmendu du, PPko presidentearen hitzetan, ez baitzuten beste hautagairik proposatu.
Arazoak arazo, “aurrera begiratu” behar dutela nabarmendu du Quirogak, “alderdi heldu bat garelako”.