Olatu Talka jaialdirako proposamenak hilaren 19a arte jasoko dituzte
Joan den abenduan ireki zuten Olatu Talka jaialdirako jarduerak jasotzeko epea. Ia bi hilabete igaro ostean, hilaren 19an amaituko da epea. Jaialdia maiatzaren 29, 30 eta 31n izango da, herritarren partaidetzari esker.
Antolatzaileek gogorarazi dute ez dela derrigorrezkoa proposamen itxi eta amaituak bidaltzea. Zenbait kasutan, nahikoa izan daiteke ideia edo zirriborro bat bidaltzearekin, proposamena aurrerago modu sakonagoan lantzeko aukera egongo litzatekeelako. Herritarrek eta elkarteek Olatu Talkaren webgunean dute eskaera egiteko aukera. Webguneaz gain, informazio bulego bat ere jarri dute Okendo kultur etxean. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, egongo da irekia. Halaber, olatutalka@donostia.org helbide elektronikora bidali daitezke proposamenak, edo 943 481666 telefono zenbakira deituta egin daiteke ekarpena.