Dibulgazio kanpaina hasiko du udalak hiriko elkarte eta enpresekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udal gobernuak 191 proposamen bildu ditu estrategiaren lehen fasean, eta aurten hasiko du dibulgazio kanpaina horretarako argitaratutako informazio gidarekin.
Donostia Hiri Berdea 2030 ingurumen estrategia aurkeztu dute gaur Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, eta Ingurumen zinegotzi Axier Jakak. Bertan, 2030erako erronkak eta helburuak biltzen dituen dokumentua argitaratu dute, aurten hiriko erakunde, enpresa eta elkarteei dibulgatzeko helbururarekin. Alkatearen esanetan, bi epetan burutuko dute estrategia, lehena aurten hasi eta 2022a arte, eta bigarrena 2022tik 2030a arte: “Ingurumenaren ikuspegitik nolako hiria izan nahi dugun imajinatu eta irudikatu dugu, eta horretarako helburu estrategikoak diseinatu ditugu, epe luzerako estrategia bat, elkarren segidako bide bi ekintza plan”. Izagirreren arabera, arlo honen erreferentzia esparrua Aalborgeko Gutuna da, Hiri Sostengagarriei buruzko Europako Konferentziak eginikoa, eta Tokiko Agenda 21aren bidez lantzen da: “Horiekin batera, beste sare hauen printzipioak eta helburuak ere txertatu ditugu: Energycities, Mayor Adapt, Civitas, egun Smart Connected Electro Mobility, eta Energia Sostengarriaren aldeko Europako Ituna”.
Horrela, gaur aurkeztutako ingurumen estrategiak lau erronka nagusi biltzen ditu; kontsumoa eta hondakinak, energia eta klima aldaketa, biodibertsitatea eta ingurumen kalitatea. Jakak azaldu duenez, 15 urteren buruan hiri sostengarriago bat izatea ahalbidetuko lukete neurri horiek. Hauek dira datozen urteetan udal gobernuak zehaztutako erronkak:
Kontsumoa eta hondakinak:
1- 2010. urtearekin alderatuta hondakinak %15 murriztea.
2- Hondakinen %80 gaika jasotzea.
3- Udalerriaren azaleraren %3 ekoizpen ekologikora bideratzea.
Energia eta klima aldaketa:
4- CO2 emisioak %30 murriztea 2007arekin alderatuta.
5- Energia berriztagarrien kuota %25 igotzea 2030erako energiaren azkeneko kontsumoan.
6- Kontsumo energetikoa %25 murriztea 2007 urtearekin alderatuta.
Biodibertsitatea
7- Udalerriaren %25 babestea, aniztasunaren kontserbazioa babestuko duen figura baten bidez (LIC-ZEC).
8- Udalerriko itsasaldearen aniztasuna babesteko figura bat sortzea.
9- Donostiarrek kontzientzia izan dezaten aniztasun biologikoaren garrantziaz eta bere kontserbazioaren garrantziaz.
Ingurumen kalitatea
10- OMEk gomendatzen duen aire kalitatea lortzea hiri osoan.
11- Hiriko desplazamentuen %12 bizikletaz egitea.
12- Hiriko desplazamentu guztien %22 motorra ez duten ibilgailuen bidez egitea.
Zerotik hasi gabe
Jakak nabarmendu du Donostiak urteak daramatzala ingurumenaren aldeko jarduerak egiten, eta beraz, ez dira zerotik hasi behar zehaztutako helburuak betetzeko. Hain zuzen ere, ingurumen estrategiaren abiapuntua 2014an egindako hiriaren ingurumen diagnostikoa da, eta hori kontuan hartuta 400 ekintza zehaztu ditu Ingurumen zinegotziak: “Estrategiaren lehen fasea aurten jarriko dugu martxan, 191 proposamenekin; besteak beste, bilatuko dugu aurrera egitea kontsumo arduratsuarekin konprometituriko hiri bat lortzeko bidean, prebentzioa sustatzea eta hondakinen kudeaketa hobetzea, ingurune osasungarri bat bermatzea eta herritarren osasuna sustatzea, uraren zikloaren kudeaketa hobetzen joatea eta erabilera sostengagarri bat sustatzea, berotegi efektuko gasen igorpena gutxitzea, tokiko ekintza indartzea eta klima aldaketara egokitzen jarraitzea”.
Adibide moduan, Jakak Donostiako produktuak eta produktu ekologikoak lehenesteko ekintzak aipatu ditu, eta baita auzo konposta eta etxe konposta sustatzeko ekimenak, industriaguneetan hondakinen gaikako bilketa indartzeko neurriak, zarata kutsadura murrizteko neurriak eta parkeak eta natur eremuak konektatzeko sare bat sortzea, besteak beste.
Estrategiaren aurreneko ekintza plana ostiral honetan onartuko da Tokiko Gobernu Batzordean. Plana egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat jaso du udalak, Tokiko Agenda 21 planak garatzeko laguntza lerroen baitan. Alkatearen hitzetan inplikazio horrek erakusten du hiria ingurumenarekin konprometitua dagoela: “Gure hiriko sostengarritasun politikek badute aitorpenik beste leku batzuetan, eta aurrerantzean ere horixe izango da gure apustua: hiri berde bat egitea, biztanleek biztanleentzat pentsaturiko hiri bat, bere aniztasunari balioa emango diona, ingurune osasungarri baten alde egingo duena, eta, bide batez, klima aldaketari egokitzen lagunduko duena”.
Udalak Ingurumen Estrategiaren informazio eskuorria aurkeztu du hainbat eragilerekin batera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)