Hautetsontzi erraldoia josten hasi dira herritarrak, erabakitzeko eskubidea helburu
Gure Esku Dago dinamikak, iaz egindako giza katea eta mosaiko arrakastatsuen ostean. Desberdinen artean hautetsontzi erraldoi bat eraikitzea izango dute helburu oraingoan, ekainaren 21erako iragarritako ekitaldiari begira, erabakia ehuntzen leloarekin.
Bada, herritarrak lanean hasi dira dagoeneko. Hain zuzen ere, Groseko Okendo kultur etxean egin dute erronkaren aurkezpena, eta jendeak erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria zabaltzeko prest dagoela erakutsi du. Ekainaren 21ean, herrialde bakoitzean, hautetsontzi erraldoi bat eraikiko dute. Nola? Gaurtik aurrera eskura jarri dituzten oihalen bitartez. Oihal bakoitza hogei pertsonentzat izango da, eta pertsona bakoitzak nahi duen aldarrikapena idatzi ahalko du bertan. Horrela, oihal hori prest dagoenean, prozesu bera jarraitu duen beste oihal batekin josiko dute, kate amaigabe bat osatu arte. Oihal horiekin guztiekin egingo dute hautetsontzi erraldoia, ekainaren 21ean.
Oihal zati bat eskuratzeko saretze txartel bat bete beharko dute herritarrek. Era berean, nahi duen orok oihal baten ardura hartzeko aukera izango du, bere inguruko jendearekin partekatzeko; hain justu, arduradunek edo “tutoreek” hogei pertsonengana jo beharko dute oihal hori osatu eta katearen bitartez bere bidea egin dezan.
Ekainaren 21eko ekitaldiaz gain, beste hitzordu garrantzitsu baten berri eman dute: apirilaren 25ean, Josteko Eguna izango da. Era berean, Gros auzoari dagokionez, martxoan, larunbatero, mahai bat jarriko dute Nafarroa Beherea plazan atxikimenduak jasotzeko.
Gure Esku Dago mugimenduko ordezkariek azaldutakoaren arabera, “pertsona desberdinen aldarrikapenak josi nahi ditugu, guztien topaleku izango den hautestontzi erraldoia eraikitzeko”. Herritarrak “jostunak” izango direla nabarmendu dute, “ezinezkoa dirudiena, posible egiteko”. Helburua desberdinen arteko harremanean sakontzea dela berretsi dute: “Maila, jatorri, belaunaldi eta ideologia desberdineko jostunak bilduko ditugu, konplizidadeak josi behar direlako, desberdinen arteko konfiantza guneak sortzeko”.
Iazko jarduerekin asko ikasi dutela aitortu dute: “Ikasi dugu jende desberdina garela, amets eta pentsaera desberdinekoak, baina ere ikusi dugu ez garela horren desberdinak; eta desberdinak izanez gero, gai izan garela eskutik helduta joateko eta desberdintasuna aniztasuna bihurtzeko”. Ikasgai hori jasota, iaz egindako lanari seginda emango diote, «desberdinak elkarlanean topa daitezen» izaera ardatz, beti ere erabakitzeko eskubidea helburu.
Beste erronka bat aurkeztu du