Eraikinaren aurrealdea mantentzea eskatuko du udalak. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Pleguetan 11 milioi euroko prezioa jarri du oinarrian udalak, eta lehentasuna izango dute eraikina hotel batean bihurtzeko eskaintzek.
Donostiako Udalak lehiaketara atera du Lasala Plazako 2. zenbakian kokatzen den eraikinaren salmenta, eta hilabete bateko epean jasoko ditu salmenta eskaintzak. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek azaldu duenez, erakinina hotel batean bihurtzeko proposamenek lehentasuna izango dute, eta ez dute eraikina luxuzko apartamentuak eraikitzeko erabiltzea aurrikusi.
Eraikina eskuratzeko oinarrizko prezioa 11.037.328,57 eurotan jarri du udalak, eta salmenta prezioa eskaintzaren irabazleak zehaztuko du. Hasierako gutxieneko ordainketa 6.850.000 eurokoa izango da, eta enpresa esleipendunak ordainketa osoa une horretan egiteko aukera izango du; dena den, salerosketa dokumentua egiten den egunetik hasita bi urteko epea onartuko dute gehienez. Luzatutako ordainketa egiteko banketxearen abala ezinbestekoa izango da 660.000 eurokoko aldi bateko bermea lehiaketan parte hartzeko.
Bi ataletan banatu dute lehiaketa, teknikoa eta ekonomikoa. Horrela, atal teknikoak 50 puntuko balorazioa izango du; denboran jasangarria den enplegu eskaintzak gehienez 15 puntu jasoko ditu. Hotel erabilerak berriz, 25 puntu jasoko ditu, 10 bulegoak jarri nahi dituztenei eta 0 etxebizitzak jarri nahi dituzten eskaintzei.
Gainera, eraikinaren aurrealdea mantentzea lehenetsiko du udalak, eta kalitate arkitektonikoa eta inguruan eraikinaren integrazioa kontuan hartzen duten proposamenek 10 puntu jasoko dituzte.
Bestalde, atal ekonomikoak beste 50 puntu jasotzen ditu. Hala, lehiaketan parte hartzeko oinarri minimoa diren 11.000.000 euroko eskaintzatik aurrera kopurua handitzen duten eskaintzek 65.000 euroko puntu bana lortuko dute, 13.250.00 eurora arte, hau da, 35 puntu gehienez. Kopuru horretatik aurrera, eskaintza handienak 15 puntu gehiago izango lituzke.
[box]
PSEren arabera, azkar eta gaizki
Lehiaketa aurkeztu eta egun berean, PSEko zinegotzi Ernesto Gasko udal gobernuari leporatu dio Lasala eraikinaren salmentak agerian utzi duela Bilduren kudeaketa txarra. Gascoren esanetan, lehiaketa “azkar” eta “gaizki” argitaratu dute: “Izagirrek hiritarren eskaerei entzungo egiten jarraitzen die; hiritarren beharrak ez dira eraikin honen salmenta, eta hori gutxi balitz, erosi zutena baino merkeago salduko dute, donostiarren poltsikoak hustuz. Erakinin honekin, hiria pobretu egin dute”.
Gascok gogora ekarri du eraikin honen salmenta baztertu zutela udabaltzarreko alderdi gehienek, horrek udalak eraikinean duen eskumena galtzea suposatzen duelako: “Gure ustez, salmenta honen helburua kontuak garbitu eta zulo ekonomikoak estaltzea da; hauteskundeak galtzeko arriskua ikusi dute, eta bere aldekoak pozik egoteko ekintzak egiteari ekin diote presaka”.
[/box]