Alfredo Leonek diseinatutako kartelak jantziko du 50. Jazzaldia
‘Akordea’ izenarekin aurkeztu du jaialdiaren lehiaketara, eta irabazi egin du.
Urtemuga biribilaren zenbakiari eman dio protagonismoa.
Nafarra da, Agoizkoa, eta berak sortu du Donostian hurrengo uztailaren 22tik 26ra ospatuko den 50. Jazzaldirako kartela. Akordea izena du bere lanak, eta 1.200 euroko saria irabazi du, lehiaketan aurkeztu diren kartel guztien artean ahautatu baitu epaimahai batek.
Alfredo Leon diseinatzaile grafikoa da eta beste 80 bat sari irabazi ditu aurretik, horien artean, 2014ko Baionako jaietarako kartela, eta Tuterako, Zangozako, San Sebastian de los Reyes-eko (Madril) eta bere herriko jaiak iragartzeko kartel lehiaketak. Berak diseinatu du Manos Unidas elkartearen aurtengo kanpaina ere.
Leonek adierazi du kartela pentsatzean, topikoetatik ihes egin nahi izan zuela –musika-instrumentuen irudiak…– eta zenbaki biribil baten ideian kontzentratu zela –50–, Donostiako Jazzaldiak urteurren garrantzitsu hori ospatuko baitu aurten. Akorde musikalak notak gainjarriz eratzen diren bezalaxe, kartel honen akorde bisuala ere kolore urdina –itsasoa–, horia –eguzkia eta harea–, eta fuxia iluna –egileak jazzarekin lotzen du– elkarren gainean jarriz osatzen da.
Kartela egiteko teknikari dagokionez, paperean egin zuen lehen zirriborroa, eta diseinu bektorialeko programa bat erabili zuen gero.
Kartel irabazlea aukeratu duen epaimahaian hainbat esparrutako pertsona ezagunek parte hartu dute:
Mikel Erentxun musikaria, Dora Salazar artista plastikoa, Javier Torres kultur kazetaria, Fruela Zubizarreta GQ aldizkariko (Conde Nast Taldea) erredaktore burua, Jazzaldiaren bi ordezkari (Miguel Martin, Jazzaldiaren Zuzendaria, eta Jaione Askasibar, Donostia Kulturako Komunikazio Zuzendaria), eta Heineken enpresako Fran Domingo eta Gabriela Cuéllar izan dira epaimahaikide. Epaimahaiak 20 kartel finalisten artetik aukeratu du irabazlea.