Hemen dago 'Gure Hitza'
Añorgako U.K. Bill musika taldeak bat egin du IRUTXULOKO HITZAren 10. urtemugaren ospakizunarekin, eta kanta bat eskaini dio Donostiako tokiko hedabideari. Biek ala biek badute zer ospatu. Erredakzioko langileek bezala, Añorgako musikariek 10 kandela piztu eta gogotsu putz egingo dute aurten, taldearen urteurrena ospatzeko. Gure Hitza izena du Irutxuloko Hitzarentzako propio idatzitako abestiak. Gainera, bideo klip eder bat egin dute, duela gutxi Añorgako zinean grabatutakoa.
Ramon Agirre aktorea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta U.K. Bill musika taldearen hainbat lagun ikus daitezke bideoan. Ramones-en ‘I wanna be sedated‘ kantaren bideo-klipa omendu dute añorgatarrek. AEBetako taldearen bideoan bezala, taldekideak lehen planoan agertzen dira, eta haien inguruan hainbat pertsonaia dabiltza hara eta hona. U.K. Bill-en bideoan bertsolari bat, arraunlari bat, erizain bat, danborrariak, moja bat, garbitzaile bat eta buruhandi bat agertzen dira, besteak beste.
U.K. Bill-ek Irutxuloko Hitzaren 10. urtemugaren ospakizun ekitaldian aurkeztu zuen kanta eta bideo-klip berria, San Telmo Museoan, otsailaren 18an.