"Bakean daudenean, bakean egongo gara"
1937. urteko otsailean, ehunka gudari Asturiasera joan ziren, Errepublikako armadak eskatuta, Oviedo frankisten eskuetatik berreskuratzen laguntzeko. Borroka latza izan zen, eta 242 euskaldun desagertu ziren Arecesen, gaurko egun batez, Euskaldunen Zelaian izenekoan. Bada, 78 urte geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak omenaldia egin die hildako eta desagertutako gudariei.
Hain zuzen ere, Aranzadiri enkargatutako lanaren ostean dator aitortza. Zientzia elkarteak Arecesen bertan egindako indusketek emaitza ekarri dute, eta zenbait gorpuzkin berreskuratu dituzte. Era berean, 1937ko egun horietan gertatutakoa dokumentatu dute, eta lan horren emaitza, liburu bat eta bideo bat, senideen esku utzi dute gaur.
Oraindik gorpu asko daude berreskuratzeko, desagertutakoak asko dira oraindik, baina biktimen senideek asko eskertu dute aitortza. Inazio Andonegi gudariaren iloba Karmele Andonegik hartu du hitza, familien izenean: “Liburua gainetik irakurri dut, eta ikusi dut oraindik gorpu asko jaso gabe daudela, gurea bezala. Han geratu ziren. Memoria isildua eta baldintzatuta egon da urte askoren buruan, eta berreskuratu nahi dugu, baina ez zauriak berriro irekitzeko, ondo ixteko baizik”. Desagertutako senideen gorpuak berreskuratu arte ez dutela etsiko aurreratu du: “Bakean daudenean, bakean egongo gara”.
Aranzadiko kide Lurdes Errastik hitz egin du ekitaldian, eta elkartearen lanaren berri eman du. “Euskaldunen Zelaian asko hil ziren, baina egindako lanak erakutsi digu ez dutela zertan hor lurperatuta egon behar. Hilotza asko eta asko handik eraman zituzten”, azaldu du. Aranzadik egindako bideoan, Francisco Etxeberria forenseak gogoeta bera egin du: “Ez dugu hobi komun bat aurkituko, hasieran pentsatzen genuenaren kontra. Sakabanatuta daude”, adierazi du, eta Frankismo garaiko hildakoei buruzko lanarekin hasi zenean horrelako emaitzarik ez zuela espero aitortu du: “2000. urtean, ez nintzen kontziente fenomenoak hartuko zuen garrantziaz. Orduz geroztik, indusketak egin ditugu 300 leku baino gehiagotan, eta 6.000 gorpuzkin, 6.000 pertsona, aurkitu ditugu. Asko dirudien arren, ez da ezer erahil zituzten 120.000 pertsonak kontutan hartuz gero”.
Omenaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregian izan da, eta hainbat agintari izan dira bertan; Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, tartean. Donostiako EAJko bozeramaile Eneko Goia ere bertaratu da, Juan Ramon Viles zinegotzi jeltzalearekin batera. Udal gobernuko ordezkari Naiara Sampedrok eta Axier Jakak ere parte hartu dute omenaldian.
Bi dantzarik aurresku bat dantzatu diete senideei, eta Jon Maiak bertso batzuk eskaini dizkie: “Hitzak soberan egon daitezke honelako egunetan/ zer gertatu zen zelai honetan/ sua zegoen unetan/ eta gero non sartu zituzten, zein zulotan zein gunetan. / Joan ziren haiei eta senideei eskerrik asko benetan/ denon etxea eraikiko da zuen zimendu hoietan”, izan da bertsoetako bat.