Berdintasunaren alde korrika egingo dute 4.000 emakumek, martxoaren 1ean
Donostiako Atletikok antolatu du lehen aldiz Lilatoia, betiko filosofia mantentzeko helburuarekin
Lilatoia, berdintasunaren aldeko lasterketa, datorren igandean izango da, martxoaren 1ean, 11:00etan. Lasterketaren arduradunak aldatu dituzte, baina betiko espirituarekin jarraituko dutela argi utzi dute gaurko prentsaurrekoan. Hala, lehen aldiz, Donostiako Atletikok antolatu du lasterketa, Lilaton Taldearen lekukoa hartuz, eta lehen aldiz, izen ematean gehienezko partaidetza jarri behar izan dute. Honenbestez, XXVI. Lilatoian, guztira, 4.000 emakume ibiliko dira igandean hiriaren erdialdeko kaleetan 5 kilometroko ibilbidea eginez; horietako 3.870 korrika, eta gainontzeko 130 lagunak patinen gainean.
“Emakumeen eskubideen alorrean, pauso asko eman dira, hainbat feministek eta emakume taldeek egindako lanari esker. Hala ere, oraindik urrun gaude gizon eta emakumeen arteko berdintasun errealetik. Kirolean, bereziki, sariak eta soltadak baxuagoak dira, komunikabideetan oihartzun gutxiago ematen zaie eta erakundeen aldeko babesa txikia da”, azaldu du Naiara Sampedro berdintasun zinegotziak. Azken batean, Lilatoia lehia baino gehiago talde sentimenduaren parte dela aipatu du Sampedrok: “Politena helmugara elkarrekin iristea da”. Josu Ruiz Kirol zinegotziak azaldu du, lanean ari direla herri probetan emakumeen partaidetza igotzen laguntzeko, emakume zein gizonek bidea elkarrekin egin behar dutela uste baitu. Edonola, igandeko proba goraipatu du Ruizek: “Emakumeari merezi duen protagonismoa ematen dio”.
Donostiako Atletikoko komunikazio arduraduna da Edurne Martinez de Trebiño, eta Lilatoi Taldeak antolakuntzaren lekukoa eurei ematearen arrazoiak aipatu ditu: “Bere sorkuntzatik kirolean berdintasuna bultzatu du Atletikok. Klubeko 1.000 kirolari federatuen artean, %60 emakumeak dira, kirol arrakasta ugariekien, Espainiako Txapelketak bai taldeka eta bakarka atletismoan, olinpiarrak… Gainera esperientzia du hainbat kirol jarduera antolatzen. Aurten, esaterako, Emakumearen VII. Triatloiaren antolatuko du, ekainan 27an”. Hala, antolatzaile berriek proba herrikoiaren apustuarekin jarraituko duten arren, berrikuntza batzuk ere gehitu dituzte aurtengo lasterketan: Dortsalak Gipuzkoa plazan banatuko dituzte; Bulebarreko erlojuaren inguruan informazio gune bat jarriko dute; proba bukatzean partaideek masaje bat jasotzeko aukera izango dute, Lukai Eskolako kideen eskutik; batukadarekin batera Donostiako musika eskolako ikasleen txaranga arituko da; eta Parte Zaharreko ostalariek Menulila eta Lilapote jarduerekin lasterketarekin bat egingo dute (Etxeberria taberna, La Colchoneria, Barandiaran taberna, Meson Portaletas, Aralar taberna, Okendo taberna-jatetxea eta Barbakana jatetxea). Horretaz gain, partaideak saritzeko orduan maila berri bat sortu dute, ’60+’ izenekoa. Antolatzaileen esanetan, 60 urtetik gorakoen partaidetza gero eta handiagoa baita.
Zehazki, Donostiako Atletikoren barnean, Lilaton Taldea izenekoa sortu dute. Bertan, klubeko berezko kideak eta probaren betiko antolatzaile taldeko kideak daude. Guztira, hamar lagunek osatu dute aurtengo taldea, baina deia zabaldu dute, nahi duten emakume guztiek parte har dezaten bertan.
Lilakorrika
Lilatoirako prestaketari begira, Lilakorrika izeneko taldea sortu du aurten Donostiako Atletikok. Bi igandetan deia zabaldu du, emakumeak elkarrekin entrenatu zezaten, eta bi egun horietan 50 lagun baino gehiago batu direla esan dute. Hala, datozen urteei begira ere jarduerarekin jarraitzeko asmoa dutela esan dute, Lilatoia urte osora zabaltzea baitute buruan.