Energia Olatuak izeneko atalaren bidez, hilabetero bost proiektu hautatu eta diruz lagunduko dituzte, datorren urteari begira
Ainara Garcia, Juan Karlos Izagirre, Pablo Berastegi eta Xabi Paia, 2016 Gunean egindako aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostia 2016 azken txanpan sartzen ari da. Izan ere, datorren urtean izendatuko dute Donostia Europako Kultur Hiriburutza moduan, eta data horri begira lanean ari da fundazioa. Oraingoan, herritarren partaidetza sekula baino gehiago eskatu dute, kultur jarduerak osa ditzaten, Energia olatuak izeneko atalean. Edozein herritarrek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek egin ditzakete euren proposamenak, martxotik aurrera. Zehazki, 2015ean, 2016 euroko 60 diru laguntza banatuko ditu fundazioak, eta tamaina handiagoko beste sei proiekturentzat 20.160 euro bideratuko dituzte; 2016. urtean, beste hainbeste egingo dute. Hilabetero aurkeztutako proposamen guztien artean bost aukeratuko dituzte, eta aukeraketa egiteaz arduratuko den taldea ere herritarrek osatuko dute, Ardora izeneko taldearen bidez. Diru laguntza txikiak Euskal Herriko biztaanleei mugatuak egongo dira, eta handiak, berriz, Europa osora zabalduak egongo dira.
Donostia 2016 Fundazioak 75 donostiarrei eskutitz bana bidaliko die. Hala jakingo dute herritar horiek Ardora izeneko taldean parte hartzeko hautatuak izan direla, zozketa bidez, eta proiektuen auraketan partea hartzeko eskatuko diete. “Arrainek elkartzean sortzen duten argia da ardora; eta uste dut argi geratzen dela honekin sortu nahi dugun metafora”, aipatu du Donostia 2016ko Kultur zuzendari Xabi Paiak. Azken batean, beste herrialde batzuetan jada egin duten esperientzia ekarriko dute hirira, esperimentu gisa. “Herritarrek dizdira egitea nahi dugu, proiektuaren parte senti daitezela, eta erdian gainera”, gehitu du Paiak. Enara Garcia 2016ko kideak azaldu duenez, aukeratutako 75 donostiar horiekin saio bateratu bat egingo dute, proposamenen aukeraketarako irizpideak zehazteko. Ondoren, kide bakoitzak hiru saioetara joateko konpromisoa hartu beharko du.
Donostia 2016ren webgunean informazio guztia eskuragarri jarriko dute, eta proposamenak aurkezteko hiru bide egongo dira; Easo kaleko 2016 Gunera joanez, webgunearen bidez, eta posta elektronikoz:
eo@dss2016.eus.