‘Surf City Donostia’ klusterraren bitartez kolaborazio hitzarmena sinatu dute Sustapenak eta Groseko Indarrak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea).
Udalak eta Sustapenak martxan jarri dituzte Zurriola hondartzako surf lokalaren obrak, Groseko Indarra kirol elkartearen kolaborazioarekin. Hasiera batean iaz hasi zituzten lanak, baina hainbat arazo izan dituzte itsasoko olatuen oldarrarekin; dena den, datorren udan lokala martxan egotea espero dute Kiroletako zinegotzi Josu Ruizek eta Sustapeneko zuzendari Euken Sesek, Groseko Indarra kirol elkarteko presidente Jon Mikel Zubeldiarekin batera.
Horrela, obrak 180.000 euroko aurrekontua izango du, (105.000 euro Sustapenak jarri ditu eta 75.00 euro Groseko Indarrak) hondartzan bertan ia 250m2-ko espazio bat berritzeko bideratuko direnak. Lokala berritzearen helburua surfarekin lotutako ekintzak areagotzeada, Ruizen esanetan, surfa funtsezko sektorea baita hiriaren ekonomiaren eta berrikuntzaren garapenerako. Hala,
Surf City Donostia klusterraren bitartez, sektore horretan sareko lana eta garapena bultzatzearen aldeko apustua egingo du udalak: “Hiriari aberastasuna eta enplegua ekarriko dieten zerbitzuak eta proiektuak sustatzeko helburua du klusterrak; gaur egun 50 kide ditu eta enpresek, prestakuntza-zentroek, zentro teknologikoek eta erakundeek osatzen dute, besteak beste”.
Itsas denboraleak zaildutako obrak
Obrak hasi aurretik, espazio horretan hondartzako kafetegi zaharra eta Groseko Indarra taldea egon dira, eta, orain, azalera bikoiztutea espero dute. Bertan, aldagela independenteak izango dira gizon eta emakumeentzat, klubeko bazkideentzako leihatilak, oholak gordetzeko biltegia eta jardueretarako gunea, besteak beste. Gainera, zona lehorra eta zona bustia bereiziko dituzte, bakoitza bere sarrerarekin.
Lokala berritzeko obrak ez dira errazak, etengabe itsasoko olatuen oldarra jasotzen duelako. Horregatik, hainbat aldaketa egin dituzte hasierako proiektuaren gainean, azpiegitura indartzeko eta olatuen indarrak sortutako kalteak ahalik eta eragin gutxien izan dezaten.
Hitzarmena, 2024a arte
Groseko Indarra elkartea 2024ko abenduaren 31ra arte arduratuko da lokalaren kudeaketaz, hitzarmenean hala sinatuta. Klausulen artean, Sustapenak konpromisoa hartzen du, bere ekimenen barruan eta
Surf City Donostia klusterraren bitartez, hirian surfaren jardun profesionalizatua bultzatzen duten jarduerak sustatzeko eta garatzeko. Bestalde, Groseko Indarra elkartea, surfarekin lotutako kirol-modalitateak sustatzeko Gipuzkoako (GSF) eta Euskal Herriko (EHSF) surf federazioekin elkarlanean, lokala urte osoan zehar irekita eta erabilgarri edukitzeko konpromisoa hartu du, eta gainera surf ikastaroak eta hiriaren surfaren garapena bultzatuko duten jarduerak sustatuko ditu, lokala beste klub batzue ere eskainiz. Bestalde, uda-sasoian kiosko-taberna kudeatuko du.
Surfa, hiriko ekonomia bultzatzeko tresna
Sesek azaldu duenez, 2011. urte amaieran sortu zuten
Surf City Donostia klusterra, sektore horrekiko sareko lana bultzatzeko: “Hiriari aberastasuna ekar dakieken eta enplegua sor dezaketen surfaren inguruko zerbitzuak eta proiektuak sustatzeko sortu genuen klusterra, eta gaur egun 60 bat eragile ekonomikok osatzen dute, tartean enpresak, erakunde publikoak, ikerketa-zentroak eta unibertsitateak. Gutxi dira surfa egiteko aukera eskaintzen duten lekuak eta horietako leku bat da Donostia; hori dela eta, eta horren inguruan dagoen industria kontuan hartuta, kirol hori gure hirian indartu beharreko sektore ekonomikoa da gure ustetan. Donostiako Sustapenak surf profesionala indartzearen aldeko apustua egin du, kultura eta bizitzeko modu gisa, eta industriari bulkada emango dion eta negozio-aukera berritzaileak sortzen dituen kirol gisa”-
Hain zuzen ere, surfaren sektoreak 32.000 000 euroko fakturazioa izan zuen 2013an; horrek esan nahi du, klusterra sortu zen urtearekin alderatuta, hots, 2011, % 50eko hazkundea izan zuela. Bestalde, BPGaren % 0,5 hartu zuen 2013an, bi urte lehenago baino % 0,1 gehiago.