Donostiak hartu du hitza, Donostia martxan da
Lau urte igaro dira Bildu Donostiako Udal Gobernura iritsi zenetik. Jarduera, erronka zein esperientziez beteriko urteak izan dira. Eta balantzea egiteko unea ailegatu da. Ondo egindakoak bai, baina okerrak ere tentuz aztertzeko unea da. Begirada kriti...
Norabide honetan Donostiako EH Bilduk ekitaldi berezia antolatu zuen otsailaren 7an, Atanon. Berezia, ez baita ohikoa, gobernatzen dutenen partetik, euren jardueraren inguruko «kontu emate» ariketa publikorik egitea. Eta honi erantzun nahi izan zion ekitaldiak, EH Bilduko alkatea eta udal taldeak herritarrek luzatu zizkieten galderei erantzunez. Filtrorik gabe, zintzoki eta garden.
Askotan aipatu izan baitugu EH Bildutik politika egiteko beste era bat garatu nahi izan dugula eta horretan ari garela. Atanoko hau adibide bat besterik ez da, legegintzaldian zehar ugari izan baitira udal taldeak herritarrekin zein eragile sozialekin eskuz esku aritzeko izan dituen saioak: udalaren iniziatibaz batzuk, eskaera ezberdinei erantzunez besteak. Udala herritarren zerbitzura kokatzeko ahalegina izan da lau urteotakoa. Parte hartzea hauteskunde garaian astintzen den lema bat baino gehiago delako, egunerokoan udal politika garatzeko ardatza bilakatu nahi izan dugu; donostiarrok, gure bizitzetan eragiten duten erabakietan hitza eta erabakia izatea nahi dugulako. Ardatz honek, beraz, gidatu du gure egiteko era.
Eta Atanon jasotakoak ere ondo apuntatu ditugu, balantzearen parte izan nahi baitzuen seirehun lagun baino gehiagorekinpartekatutako saioa. Agertutako galderak, kezkak, kritikak zein txaloak oso kontuan hartu ditugu, guztion artean egin nahi baitugu hiria eraldatzeko bide hau.
Baina badira bi ondorio nagusi aintzat hartu beharrekoak: alde batetik, sakoneko eraldaketa baten ikuspegian, lau urte oso tarte txikia dela. Oinarri batzuk finkatzen hasteko tartea eskaini digutela eta ez da gutxi. Horren froga da zein urduri eta erasokor dauden PP, PSE eta EAJren artean osatu duten blokean. Eurek ere ikusi dute bestelako Donostia posible dela, herritarrona eta ez elite ekonomikoa eta bere zerbitzura dauden politikariena.
Eta bigarrenik, eta ziurrenik inportanteena, eraldaketa prozesu hau herritarrekin garatu behar dela. Behetik gora eraiki nahi badugu Donostia, ezinbestekoa zaizkigula donostiar kritiko, aktibo eta konprometituak. Ezinbestekoa da kale dinamika eta herri mugimendu zein eragile indartsuak. Herri indarrean baitugu Udala guztion tresna bilakatzeko giltza.
Beraz, ezin ukatu datorren maiatzean dugun erronkaren tamaina. Datozen udal hauteskundeetako emaitzak erabakigarriak izango dira hurrengo urteetarako Donostian. Oinarri bat finkatu dugu Donostia euskalduna, justua eta solidarioa, parekidea, feminista, berdea eta Euskal Herriko etorkizunarekin konprometitua eraikitze bidean.
Hurrengorako, honetan sakondu eta zenbait jauzi emateko baldintzetan gaude. Hauek zehazteari begira EH Bilduk lau urteetarako Donostiako Hiri Programa osatzeko prozesua du martxan. Eta prozesu hau, noski, Donostiako eraldaketan parte hartzen ari den ororentzat irekia da.
Bestetik, aldaketa garaiak bizi dira Euskal Herri osoan ere. Eta EH Bilduren apustua argia da: erabakitze eskubidearen aldekoa. Gure herriaren etorkizuna herriari hitza ematetik pasatzen da. Zentzu honetan ere, inoiz baino gehiago, erabakitze eskubidearen aldeko gobernua osatzea dugu helburu. Eta ikuspegi honen alternatiba bakarra EH Bildu dugu. EAJk erabaki baitu. Herri honi hitza ukatzen diotenekin, gure eskubideak urratzen dituztenekin, PSOE eta PPrekin, eskuz esku joateko apustua egin du, gu kosta ala kosta erdibidetik kentzearren. Guretzat, Donostia gobernatzea udala herritarren eta aldaketaren mesedetan jartzea da.
Eurentzat, ordea, gutxi batzuen interesen defentsarako eta botere gose amaigabea asetzeko ariketa hutsa da.
Donostia geldirik dagoela esaten dute. Batzuek mugimendua abiadura handiko trenean igo edo eta porlanezko herriak eraikitzea dela uste dutelako. Baina Donostia martxan da. Mugimendua dozenaka herritarren hankekin egiten dela erakusten ari gara, ehunka eskuren lanarekin, eta milaka asmoen energiarekin. Eta horregatik Donostia inoiz baino Hiri Biziagoa dela, denon artean eraikitzen ari baikara.
Asko garelako Donostia behetik gora eraiki nahi dugunok. Hariz hari, Donostia Bizia saretzen ari garenak. Gazte zein adinekoak; Martutenen edo Quiton jaiotakoak; Ulia, Gladys-enea edo Saguesen jolastutakoak; hetero, trans edo lesbianak; ikasle, enplegatu edo langabeak; bertsolari edo hip-hopzaleak; piratak edo zingaroak; guztiak baikara donostiar.
Atanon horren froga argia izan genuen, eta hitza hartu dugu, h ari gara, eta hainbeste harirekin, sarea jostea besterik ez da geratzen. Hariz hari, Donostia eta Euskal Herria askeak josiz!