Euskaraz bizi nahi dutelako
Manifestaziora deitu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, azkenaldian hartutako neurriei erantzun «sendo eta egokia» emateko. Gipuzkoa plazatik irtengo da mobilizazioa, 17:30ean.Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) hainbat udali aktak...
Manifestaziora deitu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, azkenaldian hartutako neurriei erantzun «sendo eta egokia» emateko. Gipuzkoa plazatik irtengo da mobilizazioa, 17:30ean.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) hainbat udali aktak euskaraz idazteagatik helegiteak jarri dizkiete, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako euskara dekretuak auzitegietara eraman dituzte eta Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasunezko diru laguntzak baliogabetu dizkiete.Neurri hauei guztiei erantzun «sendo eta egokia» emateko asmoz, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Protesta bihar izango da, 17:30ean, Gipuzkoa plazatik abiatuta, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta.
Hiriko euskalgintzak manifestazioa babestu du, eta zenbait eragilerekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, mobilizazioaren atarian.
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko presidente Dani Goñiren hitzetan, «oztopoen gainetik euskaraz biziko gara esaten du manifestazioaren leloak, baina ez, ezin gara oztopo guztien gainetik euskaraz bizi. Mendetan hizkuntza politika orokorrak euskara eta euskaldunon kontrakoak izan dira, eta oraindik ere momentu honetan horrela dira. Guk borondatea dugu hori aldatzeko, baina, babesa izan arren, babes gehiago behar dugu».
Euskaldunen eskubideak babestu behar direla berretsi du: «Teorian euskararen alde dauden erakunde horiek beste politika zintzoago eta indartsuago bat egin behar dute euskaldunon eskubideak babesteko. Kontzientzia hori dugunok eta jabetzen garenok beharrezkoa dugu lege babes hori. Hori lortu nahi duten guztiei dei egiten diegu manifestazioan parte hartzera».
Lapurdi eta Nafarroa
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko ordezkari Xabat Labordek egoeraren argazki orokor bat egin du: «Ikusten ari gara azkenaldian euskararen normalizazioaren eta euskaldunen kontrako hainbat neurri hartzen ari direla administrazio desberdinen partetik. Espainiako estatuko delegazioaren partetik, hainbat udaletxetan euskararen normalizazioaren alde hartutako neurriei helegiteak eta salaketak jartzen ari zaizkie. Ikusten dugu Frantziako estatuak ez duela onartu Uztaritzen euskara hizkuntza ofizial izendatzea. Nafarroako gobernuak Baztanen egindako urratsak baliogabetu nahi izan ditu».
Oraindik orain, euskararen kontrako neurriak hartzen jarraitzen dutela nabarmendu du: «Erabat beharrezkoa da jendartearen eta euskaldunon aldetik herri erantzun sendo bat ematea, eta nolabaiteko harresi bat irudikatzea. Esan behar da euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugula, eta horretarako neurriak behar ditugula administrazio publikoetatik, eta aurrera urratsak egiteko txalotzeko eta euskararen aurkako erasoak egitean ari direnei erantzun bat emateko beharrezkoa da Donostiara etortzea».
AEK-ko Joxe Leon Otaño iritzi berekoa da: «Gizarte zati handi baten nahia euskaraz bizitzea da, eta egiten den ahalegin ororen aurka ari dira Urkijo eta konpainia, beti oztopoak jarriz. Nire ustez, nahikoa dela esan behar zaie eta gure eskubideei bide eman».
Berdintasun eza
Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkarteko Amaia Illarreta ere izango da biharko manifestazioan: «Intxaurrondoko auzotar gisa gonbitea egin nahi dugu manifestaziora. Bizi garen aniztasun honetan, gure auzoan bertan, berdintasunaz hitz egiten dugu esparru askotan, eta hizkuntza berdintasuna ere bai aldarrikatu nahi dugu. Legeak gauza asko esaten ditu, baina berdintasunera oraindik ez gara iritsi, eta hori lortzeko aldera manifestaziora joatea beharrezkoa da».
Donostiako Piratek ere babesa eman diote protestari. Mugimenduko ordezkari Inaxio Oiarzabalen arabera, «euskarak jasotzen dituen erasoen aurrean ere jendea kalera ateratzea garrantzitsua dela ikusten dugu. Egoera normalizatu bat dagoela ematen duen arren, falta da erakustea oraindik lan asko dagoela egiteko. Hasieratik gure balio handienetako bat euskalduntzea eta euskara izan dira. Gure lan guztia euskaraz egiten dugu eta uste dugu jaien bitartez eta jaietan euskara sustatzea garrantzitsua dela ikusteko euskara dela gure hizkuntza».