Jaialdian izango diren lehen izenak aurreratu ditu antolakuntzak; martxoaren 18an iragarriko dute egitarau osoa, eta egun horretan jarriko dituzte salgai sarrerak
Jammie Cullum
Aurtengo Jazzaldia berezia izango da, jaialdiak mende erdia beteko baitu hirian. Zehazki, 50. ekitaldia uztailaren 22tik 26ra izango da, eta oso momentu onean harrapatuko du jaialdia antolatzaileen esanetan. Izan ere, urtetik urtera Jazzaldiak geroz eta oihartzun handiagoa lortu duela diote, eta azken 10 ekitaldietan, batez beste, urtean 150.000 ikus-entzule inguruko jarraipena izan du. Dagoeneko aurreratu dituzte 50. Jazzaldian izango diren kontzertuetako protagonistetako batzuk; abeslariak: Jamie Cullum, Melody Gardot, Dee Dee Bridgewater eta Gregory Porter; jazz instrumentala: John Zorn, Benny Golson, Charles McPherson, Azar Lawrence, Billy Hart, Eddie Henderson, Donald Harrison, Dan Weiss, Billy Harper, Cecil McBee eta George Cables; eta hainbat estilotako beste hainbat talde: Earth, Wind & Fire Experience, Jimmy Cliff, Zaz, Lee Fields eta Silvia Perez Cruz. Jaialdiaren egitarau osoa martxoaren 18an iragarriko dute, eta egun horretan jarriko dituzte salgai sarrerak.
Trinitate plazan jaio zen Jazzaldia 1966an, eta toki hori da oraindik ere Jazzaldiaren agertoki nagusia. Denborarekin, jaialdiaren eskaintza zabaldu duten beste hainbat gune ezarri dituzte: Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea (Jazzaldiko gauetan, milaka ikus-entzule biltzen dituena), Kursaal Auditorioa, Viktoria Eugenia Antzokia, Kursaaleko Terrazak, Nauticool, San Telmo Museoa, Basque Culinary Center…
Datozen hilabeteetan Jazzaldiak hainbat ekitaldi iragarriko ditu bere une gogoangarrienak gogorarazteko: data bereziak, irudi bakanak eta hiriarekin eta ikus-entzuleekin izan duen lotura adieraziko dutenak.