Martuteneren irudi orokorra, urez gainezka; tartean, ikastolako jolastokia.
Urumea ibaiak gainezka egin du berriro ere gaur goizean goiz, eta Martutene eta Txomin urez bete ditu. Zehazki, 6:30ean izan da uholde mailarik gorenena, 4,9 metrorekin. Gero, pixkanaka, uraren mailak beheruntz egin du; badirudi euriak atsedenaldia hartu duela, eta Añarbek ur emaria 85 m3/s-tik 65 m3/s-ra jaistea erabaki du. Hala, uraren mailak behera egin du nabarmen eta arrisku mailarik handiena igaro da. Alerta Gorrian egon da Urumea, eta Alerta Laranjara jaitsi dute. Hala, garbiketa lanei ekin diete udal langileek, bai Martutenen bai Txomin Enean ere. Donostiako Piratek euren laguntza eskaini dute bizilagunekin garbiketan aritzeko, eta edukiontziak berrezarriko dituzte garbiketak aurrera egin ahala
Martutenek eta Txomin Eneak itxita jarraitzen dute ibilgailuentzat, baina udala errepideak irekitzen saiatuko da, Txomineko bidetik hasita. Horrela, Dbus zerbitzua kartzelako biribilguneraino iritsi ahal izango da, eta bertatik Garberara. Garberako autobus berezien zerbitzuak 22:00ak arte jarraituko du.
Udal langileak Etxarrienen egongo dira arratsalde guztian, bizilagunei harreta zerbitzua emateko. Edonola, udalak bizilagunei gomentu die beraien aseguruekin harremanetan jartzeko, argazkiak egin ditzaten. Juan Karlos Izagirre alkatea Martutenen izan da gaur ere, egoera bertatik bertara ezagutzen, atzo egin zuen moduan.
Egunotan, guztira, 32 izan dira udalak ostaturatu dituen auzotarrak, eta ia guztiek beste gau bat egingo dute bideratu zaizkien hoteletan.