Oraindik gorpu asko daude berreskuratzeko
1937. urteko otsailean, ehunka gudari Asturiasera joan ziren, Errepublikako armadak eskatuta, Oviedo frankisten eskuetatik berreskuratzen laguntzeko. Borroka latza izan zen, eta 242 euskaldun desagertu ziren Arecesen, euskaldunen zelaian izenekoan. Bad...
Hain justu, Aranzadiri enkargatutako lanaren ostean dator aitortza. Zientzia elkarteak Arecesen bertan egindako indusketek emaitza ekarri dute, eta zenbait gorpuzkin berreskuratu dituzte. Era berean, 1937ko egun horietan gertatutakoa dokumentatu dute, eta lan horren emaitza, liburu bat eta bideo bat, senideen esku utzi zuten astelehenean.
Oraindik gorpu asko daude berreskuratzeko, desagertutakoak asko dira liburuan zerrenda bat erantsi dute, baina biktimen senideek asko eskertu zuten aitortza. Inazio Andonegi gudariaren iloba Karmele Andonegik hartu zuen hitza ekitaldian, familien izenean: «Liburua gainetik irakurri dut, eta ikusi dut oraindik gorpu asko jaso gabe daudela, gurea bezala. Han geratu ziren. Memoria isildua eta baldintzatuta egon da urte askotan, eta berreskuratu nahi dugu, baina ez zauriak berriro irekitzeko, ondo ixteko baizik». Desagertutako senideen gorpuak berreskuratu arte ez dutela etsiko aurreratu zuen Andonegik: «Bakean daudenean, bakean egongo gara».
Sakabanatuta
Aranzadiko kide Lurdes Errastik ere hitz egin zuen omenaldian, eta elkartearen lanaren berri eman zuen. «Euskaldunen zelaian asko hil ziren, baina egindako lanak erakutsi digu ez dutela zertan hor lurperatuta egon behar. Hilotza asko eta asko handik eraman zituzten», azaldu zuen.
Aranzadik egindako bideoan, Francisco Etxeberria forenseak gogoeta bera egin du: «Ez dugu hobi komun bat aurkituko, hasieran pentsatzen genuenaren kontra. Sakabanatuta daude», adierazi du, eta Frankismo garaiko hildakoei buruzko lanarekin hasi zenean horrelako emaitzarik ez zuela espero aitortu du: «2000. urtean, ez nintzen kontziente fenomenoak hartuko zuen garrantziaz. Orduz geroztik, indusketak egin ditugu 300 leku baino gehiagotan, eta 6.000 gorpuzkin, 6.000 pertsona, aurkitu ditugu. Asko dirudien arren, ez da ezer erahil zituzten 120.000 pertsonak kontutan hartuz gero».
Omenaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregian izan zen, eta hainbat agintari izan ziren bertan; Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, tartean.
Aurreskua dantzatu zieten senideei, eta Jon Maiak bertso batzuk kantatu zituen: “Hitzak soberan egon daitezke honelako egunetan/ zer gertatu zen zelai honetan/ sua zegoen unetan/ eta gero non sartu zituzten, zein zulotan zein gunetan. / Joan ziren haiei eta senideei eskerrik asko benetan/ denon etxea eraikiko da zuen zimendu hoietan—, izan zen bertsoetako bat.