Joan den denboraldian lorpen onenak egin dituzten donostiarrak jaso dituzte ordezkariek, udalbatza aretoan
Udalbatza aretoan bat egin zuten kirolariek eta udal ordezkariek. (Argazkia: Donostiako Udala)
Asko dira goi mailan dabiltzan kirolari donostiarrak, eta horietaz gogoratu zen udala, atzo arratsaldean. Izan ere, Donostia Kirolakekin batera, 2014. urtean gehien nabarmendu ziren kirolariak omendu zituzten, udalbatza aretoan.
Guztira, hamahiru kirol modalitate desberdinetan aritzen diren hogeita lau kirolari izan ziren omenduak; horietako sei emakumeak eta hemezortzi gizonak. Guztiak ere joan den denboraldian Espainiako, Europako edo Munduko Txapelketako podiumetan egondakoak dira, baita Sochiko Neguko Olinpiar Jokoetan ere. Tartean ziren, esaterako, Richard Oribe igerilaria, Ekaitz Saies piraguista, Ainhoa Olarra golf jokalaria eta Naroa Agirre pertiga jauzilaria. Donostia Kirolaren webgunean
omenduen zerrenda osoa ikus daiteke.
Hala ere, ez dira udalak omendutako kirolari bakarrak. Izan ere, urtean barrena Bera Bera eskubaloi taldea eta Herriarteko Pilota Txapelketan aritutako Donostiako taldeei ere harrera egin zien udalak, besteren artean.