Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde ehundaka lagunek manifestazioa egin dute hiriko erdialdeko kaleetan
Ehundaka lagunek bat egin dute hiriko erdialdeko kaleetan barrena, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde. (Argazkia: Estitxu Zabala)
‘Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara’ lelopean, manifestazio jendetsua izan da gaur erdialdeko kaleetan barrena. Ehundaka herritarrek bat egin dute euripean, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta. Euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekotzat jotzen du Kontseiluak herritarren eta erakundeen konplizitatea. Hala, norabanakoek, euskalgintzako hainbat ordezkarik eta politikari ugarik bat egin dute protestan. “Oztopoen gainetik euskaraz bizi gara, bai. Hori oso argi erakutsi dugu gaur Donostiako kaleetan. Euskaldunak gara, harro gaude eta euskaraz biziko gara”, adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Azken hilabeteotan euskara sustatzearen aurka hainbat auzi bideratu dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek, eta horiek salatu nahi izan dituzte: UEMAko hainbat udali aktak euskaraz idazteagatik helegiteak jarri dizkiete, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako euskara dekretuak auzitegietara eraman dituzte, eta Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasunezko diru-laguntzak baliogabetu dizkiete. “Estatu berriak eraiki zituztenean ere, haien Konstituzioetan oso argi utzi nahi izan zuten zein den hizkuntza bakarra. Zein den balioa duen hizkuntza. Hortik bertatik moztu nahi izan zizkiguten hegoak”, gehitu du Bilbaok.
Edonola, mezu baikor batekin agurtu da Kontseiluko arduraduna: “Gure esku dago lagunok, denon esku dago, ez dute inoiz esango etsipenean erori ginenik, izan ere, oztopoen gainetik euskaraz bizitzera goaz. Ekin lanari!”.
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)
-
-
(Argazkia: E. Zabala)