Askatasunaren Hiribidean egin dute elkarretaratzea, Santander bankuaren aurrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Martxoaren 14an Bilbon eta Iruñean egingo duten manifestazioaren harira, Duintasuna Elkarteak elkarretaratzea egin du gaur goizean, Askatasunaren Hiribidean.
Euskal Herriko eskubide sozialen alde lelopean, adineko pertsonek eta pentsiodunek murrizketarik ez egotea aldarrikatu dute, baita pentsio duinak eskatu ere. Ingurutik pasa diren herritarrei informazio orriak banatu dizkiete, egoeraren berri emateko.
“Horrenbeste urtetako lan eta dedikazioaren ostean, erakundeetan egun nagusi diren eskuineko politikek, murrizketak eta bazterketa eskaintzen dizkigute ordaintetan, erretiro eta pentsio prekarioak jasoz”. Eurentzako baina baita egungo langileriarentzako “apurrak” geratzen direla salatu dute: pentsio txikiak, botiken berrordainketa, gero eta murritzagoak diren gizarte zerbitzuak… “Azken finean, ez dugula ezertarako balio sinistarazi digute”. Baina beraiek oraindik pertsona aktiboak direla ozen esaten dute, urteetan egindako ekarpena aurrerantzean ere eskainiko dutela ziurtatuz, “gainontzeko langilearekin batera, gizatasunik gabeko sistema hau errotik aldatzeko”.
Hortaz, beraien eskubideen eta eskubide sozialen alde borrokatuko dutela berretsi dute: “Goi mailako eliteek, haien zerbitzura dauden politikoek lagunduta, neurrigabekeriaz ezartzen diguten inposizioa ez dugu onartuko. Bidegabekeria hau geratzen saiatuko gara, eta horretarako, bat egiten dugu Euskal Eskubide Sozialen Kartaren oinarri eta edukiekin”.
Programa soziala
Martxoaren 14ko manifestazioetan alternatiba badagoela erakutsiko dute, guztion artean bestelako eredu sozial, ekonomiko eta politikoa eraiki dezaketela aldarrikatuz. Baldintza berriak sortzeko gaitasuna dutela sinesten dute, eta norabide horretan lehen urratsa emateko asmoz Programa Soziala adostu dute. Bertan, Hego Euskal Herriko erakunde guztiei zuzentzen dira, politika publikoak errotik aldatzea eskatuz.
Programa soziala hamasei eskaera ditu, baina guzti horiek bost eskaera nagusietan banatu dituzte: aurrekontu eta politika fiskal eta sozialak aldatzea; kalitatezko enplegua sortzeko politika garatzea; jendearen parte hartzea bermatzea; bizitzaren ongi izateari bide ematea; eta demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa eta konpromisoa berrestea.