Zorroaga Fundazioak eta Gureak erakundeak batera sortu dute ekimena, udalaren laguntzarekin
Otorduen banaketa astean bitan egiten da, astelehen eta ostegunetan. (Argazkia: Donostiako Udala)
Intxaurrondo auzoan menuak banatzeko
Otorduak ekimena jarri dute martxan. Zorroaga Fundazioak eta Gureak erakundeak batera sortu dute proiektua, eta udalaren laguntzarekin, eta urtea amaitu arte, 12.000 otordu zerbitzatzea aurreikusti dute. Proiektuari esker, duela hiru hilabetetik hona 26 lagunek asteko egun guztietarako eguneko menu bana jaso dituzte (Intxaurrondoko auzotarrak dira guztiak). Udalaren gizarte zerbitzuek bideratzen dituzte menuak, eta banaketa astean bitan egiten da, astelehen eta ostegunetan, 11:30etatik 13:00etara.
Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk, Zorroaga Fundazioko presidenteorde Mikel Agirrezabalek eta Gureak-eko presidente Iñaki Alkortak aurkeztu dute ekimena. Albizuk zehaztu du pertsonen beharrei erantzutea erabateko lehentasuna duela hiru erakundeentzat: “Udal Gobernu honek konpromiso sozial irmoa dauka eta horren erakusle da politika sozialen aldeko apustua sakondu egin dugula urtez urte; ekimen hau ere, hor kokatzen da, azken batean, honen bidez erantzuten bat eman nahi izan zaio hainbat familia donostiar bizi duten errealitateari. Donostian aurreneko aldia da horrelako proiektu bat garatzen dela eta esperientzia honek horrelako beste proiektu batzuk garatzen lagunduko digu”.
Intxaurrondo auzoko gizarte proiektu berri hau urriaren 13an abiatu zela jakinarazi du Iñaki Alkortak: “Hiru hilabete baino gehiago igaro ondoren, janaria banatzeko proiektu sozial berri honi buruzko iritzia ezin hobea da, bai borondatezko laguntzaileek bai erabiltzaileek balantzea ona dela baitiote, eta ekimenaren eragileak pozik daude funtzionamenduarekin eta emaitzekin”.
Horrela, aipatutako 26 pertsonek astean birritan lehen platerak, bigarren platerak eta azkenburukoak jasotzen dituzte, aste osorako. Albizuk azaldu duenez, onuradunek nahiago dute zuzenean janaria jaso, jantokian bertan jan beharrean. Hala, Gureak arduratzen da sukalde zentralean janaria prestatu eta ontziratzeaz, 26 pertsona horiek eguerdian menu osoa jaso ahal izateko. Zerbitzua erabiltzen duten pertsonak aldatu egiten dira beharren eta bestelako inguruabarren arabera, udalaren gizarte zerbitzuetako teknikariek egoera aztertu ondoren.
Zorroaga Fundazioak 18.000 euro jarri ditu proiektuan, eta udalak berriz 9.500 euro eta lokal bat, menuak banatu ahal izateko. Gureak erakundeak, bere aldetik, janaria prestatu eta ontziratzeko eskulana, koordinazio lanak eta banaketa jartzen ditu.