Iparraldea Bertan! zikloak lau emanaldiko egitaraua eskainiko du.
Garazi Lopez de Etxezarreta, Aldundiko Kultura zuzendaria eta Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur Erakundea-ko zuzendaria. (Argazkia: Gipuzkoako Aldundia)
Martxoaren 4an hasita eta hilabete osoan zehar Ipar Euskal Herria eta bertako kultur sorkuntza hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du Iparraldea Bertan! zikloak. Hamalaugarren ekitaldiak lau hitzordu izango ditu, guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian.
Ipar Euskal Herriko kantugintza ekarriko dute Donostiara. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatutako ziklo hau hiru kantaldi eta dokumental batek osatuko dute. Kantu tradizionala eta gaurkotasuna nola uztartzen diren ikusi ahal izango dute zaleek, sortzaile berriek egindako ekarpena zein den, eta betiko kantu tradizionalak nola egin duen aurrera. Eskaintza zabala eta anitza izango da,
Erramun Martikorena alde batetik, 1978an bere lehen diskoa argitaratu zuenetik kantua, Koldo Mitxelenan izango da, baina baita
Zeze Miege bikotea eta musika elektronikoa. Tartean gainera
Aire Ahizpak, Xalbadorren bilobak, kantu tradizionala eta sortzaile berrien arteko zubia nola gauzatu den agerian uzten dute.
Xalbadorrek protagonismo berezia hartuko du, ez Erramun Martikorenaren kantuan beti ageri delako, ez eta bere hiru bilobek kantaldia eskainiko dutelako, bere inguruko dokumentala eskainiko delako baizik. Eneko Dorronsorok bertsolari handia hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du, Xalbadorren lau seme-alaben lekukotasun hunkigarriarekin, film oso intimo bat azalduko bai du zikloa zabaltzeko.
Baina Iparraldea Bertan! Zikloa hori baino gehiago da, sorkuntza mota ezberdinen berri emango digu, iraganeko eta egungo kantuez gozatzeko aukera emango digu. Hasi bertsolaritzatik eta musika elektronikora heldu arte, tartean kultura transmititzeko ateak zabaldu zituztenei omenaldia egingo diete belaunaldi berriek, eta bestetik sorkuntzaren bide ezberdinak erakutsiko dizkigute.
Zikloa martxoaren 4an hasiko da eta 25ean amaitu. Asteazkenero Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian izango da hitzordua 19:00etatik aurrera.
EGITARAUA
2015eko martxoaren 4an – 19 :00
Xalbador, izana eta izena, Eneko Dorronsororen dokumentala
Ezagunak dira Xalbadorren bertsoak; ezaguna txistuak txalo bihurtu zitueneko eguna. Eta ezaguna da Xalbadorren heriotzaren dramatismoa: bere jaioterrian, omenaldi bat egiten zitzaion bitartean. Sortze-izenez Ferrando, Urepeleko Xalbadorrenia etxaldean sortu eta bizi izan zen. Artzain-laboraria zen ogibidez baina bertsoari eskaini zion bizia. Eneko Dorronsoro filma egileak ekoitzi du dokumental bat, oso intimoa, besteak beste Xalbadorren lau seme-alaben lekukotasun hunkigarriekin. Gizon handi honen hobeki ezagutzeko aukera izango dugu, eta gainera, Eneko Dorronsoro gure artean izango da, filma ondoren publikoarekin mintzatzeko.
2015eko martxoaren 11an – 19 :00
Aire ahizpak
Hiru ahizpa, Miren, Amaia eta Paxkalin, hiru kantari zoragarri, euskal kulturaren ohantzetik datozenak, oroz gainetik bertsoen gozatzeko aukera izan dutenak txiki-txikitatik, aita Mixel Aire bertsolari izanki eta aitatxi Xalbador. Ba ote da zoriontsuagorik ! bai, lehenik etxetik eta etxekoengandik hartu dute musikarenganako maitasuna, tradizioak jasotzen diren berezko moldean, hain zuzen ere.
Aita-amek etxean zituzten diskoen artean baziren batzuk, anitzetan entzuten eta kantatzen zituztenak. Ez Dok Amairu taldeko kantarien inguruan zebiltzan musikarien kantuak ziren, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo eta Xabier Lete, ahantzi gabe Mixel Labeguerie, Eñaut Etxamendi, eta Xalbador beraren bertsuak.
Bidexka disko berrian, hiru ahizpek omenaldi gisako bat egin nahi diete nola sortzaile horiei hala beren gurasoei, kulturaren transmisiorako bidea irekia utzirik.
2015eko martxoaren 18an – 19 :00
ZEZE. MIEGE bikotea – musika elektronikoa
Zeze Miege Miarritzeko musikari talentutsua da. Gaztea izan arren, jadanik hainbat euskal diskografietan parte hartu du, hala nola Tturruttak, Zapozain, edo Patxi eta konpainia taldeekin.
Halaber, nahi ukan ditu musika bide pertsonalagoak urratu : berak sortzen dituen elektro-sekuentzien eta folk tresnen artean “battle” musikal bat proposatzen du.
Bere lehen diskoan, sorkuntza bakoitzak leku ezberdinak aipatzen ditu : Sarako harpeak, Indiako paisaiak, Cabuernica (Asturian), dance flooran, etabar. Bigarren disko bat aterako du, 2015eko martxo honetan.
Bietarik hartu musika zatiak eskainiko dizkigu, bidaia oniriko batean sarrarazi gaituelarik.
Zézé (Xavier Miege) : txistu, mando-ukulele, gaita galega, xirula, strumstick, ttun ttun, sanza…
Hervé Pedeflous : biolina, gitarra
2015eko martxoaren 25ean – 19 :00
Erramun Martikorena
Baigorriko Otsobi etxaldean sortua, Erramun Martikorena artzaina abeslari handia dugu, euskal kantuaren alorrean. Zenbat eta zenbat kantaldi ez ditu eskaini, Euskal Herrian eta kanpoan ere, bere ahots argi eta ederrak ikuslea xoraturik uzten duelarik.
Haren kantu gehienak lurrari eta herriari lotuak dira, 1978an argitaratu zuen
Baigorriko artzain laboraria lehen diskoaren izenburuak agerrarazten duen bezala. Bereziki, ipar Euskal Herriko bertsolarien bertsoak eta halaber herri kantuak abestu ditu, askotan a cappella, edo musikari batzuez inguraturik, hauen artean Mario Gachis, Mixel Ducau edo Mikel Markez bezalakoak.
Esan gabe doa Xalbadorren bertsuak frankotan kantatzen dituela ere. Adibidez,
Primaderari (1992) diskan bertsolari ospetsu horren hiru kantu sartu zituen. Esan behar da hegoaldeko kantari ezagunen abestiak ere moldatu dituela, hala nola Lertxundi, Laboa, edo Xabier Leterenak.
Oro har, Baigorriko kantariak zazpi diska argitaratu ditu orain arte, denak bat bestea bezain hunkigarriak.
Donostian, Erramun Martikorenak atzoko eta gaurko kantuen bidaia batetara gonbidatzen ditu zaleak.
Iparraldea Bertan!
Non: Areto Nagusia, Koldo Mitxelena Kulturunea
Noiz: Martxoak 4, 11, 18 eta 25
Ordua: 19:00
Antolatzaileak: Koldo Mitxelena Kulturunea eta Euskal Kultur Erakundea (EKE)