Igeldoko horman 30 zentimetroko pitzadura agertu da, eta Paseo Berria itxi dute Urgulleko mendi magala ezegonkor dagoelako
Paseo Berria itxita egongo da. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udalak gaur argitaratutako abisuaren arabera, Igeldon, mendia eusten duen horman 30 cm-ko pitzadura bat sortu da, Rekondo jatetxetik metro batzuetara.
Adierazi dutenez, hormaren pitzadura hormigoiarekin estali dute; horrekin batera, horma horretan agertutako pitzaduraren zergatiak aztertuko dituzte aste honetan. Arazoa konpondu bitartean, gainera, semaforoak jarri dituzte bide horretan, trafikoa kudeatzeko.
Bestalde, lurraren ezegonkortasun bat antzeman du udalak Urgulleko mendi-mazelaren puntu zehatz batean. Kaltetutako gunea Argazki Elkartetik gertu dago, eta ondorioz, Paseo Berria itxita mantentzea erabaki dute, ezbeharrik geratu ez dadin. Gainera, aste honetan zehar gunea ikertuko dute, neurriren bat hartu behar den erabakitzeko.