Nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte aste honetan udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
Emakumeen Nazioarteko Egunaren iazko aurkezpena (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da igande honetan, martxoak 8, eta aste guztian zehar ekitaldiak antolatu dituzte hirian. Hain zuzen ere, udalak emakume talde eta talde feminista ezberdinekin elkarlanean osatu du egitarau bateratua, eta aurtengo leloa
Eraso sexistarik gaberko hiri baten alde izango da.
Jarduera nabarmenetako bat igandeko manifestazioa da; Boulevard kalean
Euskal Herria Feminismotik eraikitzen ari gara lelopean abiatuko da protesta, 12:30ean. Gainera, udalak erakunde adierazpen bat onartuko du egun horretan. Testuaren irakurketa publikoa ostiralean izango da, eguerdiko 12:30etan, udaletxean. Martxoaren 8an, bertan, berriz, pankarta jarriko dute.
Horrekin batera, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte ostegunean eta ostiralean. Horrela,
Sexurik gabea al da aurrekontu politika? mahai ingurua egingo dute, eta besteak beste Angela O’Hagan, Elisabeth Klatzer, Ana Isabel Escobar Arroyo, Pilar Carrasquer, Laura Gomez, Mertxe Larrañaga, Yolanda Jubeto, Sebas Zurutuza, Iriene Ormazabal eta Joxepa Bornaetxea adituek parte hartuko dute.
Hitzaldi eta jardunaldiekin batera, aisialdiarekin lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, esate baterako,
No es tan facil bideo foruma (bihar),
El arte de la entrevista antzezlana (etzi),
El tren de la Libertad (ostiralean),
Arquetipos de mujer; una busqueda (larunbatean), eta elkarteko bazkaria Amara Plaza hotelean (ostegunean).
Benetako berdintasuna aldarrikatuz
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak adierazi du igandekoa aldarrikapen eguna dela: “Martxoaren 8a emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala aldarrikatzeko baliatu nahi dugu beste behin, eta egitarau honek, ikuspuntu ezberdinetik eta ekintza anitzen bidez, horixe dauka helburu; emakumeen boteretzea helburu duten ekintzak, indarkeria sexista salatzea helburu dutenak, espazio publikoa gureganatzeko asmoa dutenak, estereotipo eta rolak eraldatzea helburu dutenak, eta beste asko”.