Donostia Arraun Lagunakek antolatu du hiriko jardunaldia; larunbatean izango da, 15:30ean
Donostiarraren batela, joan den larunbateko estropadan, Pasaian. (Argazkia: Donostiarra)
Gipuzkoako Batel Ligarako izena eman zuenean, Donostiarra arraun elkarteak ez zuen helburu zehatzik. Hiru jardunaldi jokatu ostean, ordea, sailkapen nagusiko lehen postuan dago hiriko ontzia, 24 punturekin, San Juanekin berdinduta; Getaria dago hirugarren lekuan, 22 punturekin. Behin goiko postuetan sartuta, hor mantetzeko nahia du taldeak, eta asteburu honetan ligako beste bi jardunaldi jokatuko ditu. Larunbatean, 15:30ean, Loiolan izango dira estropadak, Donostia Arraun Lagunakek antolatuta; igandean, 10:30ean, berriz, Pasaian izango dira estropadak, San Juanen eskutik, galdutako jardunaldietako bat errekuperatzeko.
Gainera, Donostiarrak lorpen garrantzitsua egin zuen joan den larunbatean, Pasaian, ligako jardunaldian; gizonezko seniorren bederatzi batelen artean irabazlea izan baitzen (9 minutu eta 17 segundo). Klubaren historian batel batek lehen postua eskuratzen duen lehen aldia izan zen. Igandean, berriz, Orion, hirugarren lekuan geratu ziren.
Julen Elizasu, Zapiain, Collazo eta Gorostiaga dabiltza arraunean Donostiarraren batelean, eta patroi lanetan, berriz, Urkola.