Eraso sexistarik gabeko lan giroa lortzea da protokoloaren helburua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udalak sexu jazarpenik eta jazarpen sexistarik gabeko lan giroa lortzeko protokoloa onartu du gaur. Protokoloan zehaztu dutenez, sexu jazarpena, jazarpen sexista, sexu xantaia edo xantaia sexista antzematen direnean aplikatuko dira bertan zehaztutako neurriak. Horrela, eskubideen urraketa baten aurrean langileek nola jokatu behar duten jakiteko neurriak bildu dituzte. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziaren arabera, tresna honen bidez lan giro osasungarria eta indarkeriarik gabea bermatuko dute: “Udalak gaitzetsi eta debekatzen ditu indarkeria matxistaren erakusle diren jarrera guztiak eta jokabide horiek eragozteko beharrezko diren prebentzio neurri guztiak hartu ditu”.
Protokoloa udal langile guztiei bidali diete, bai posta elektronikoz eta baita paperean. Sampedrok gogora ekarri duenez, Berdintasun Batzordeko lan taldea urtebetez aritu da lanean protokoloa eguneratzen eta berritzen. Hala, zinegotziaren esanetan, langileen eskubideak bermatuko dituen prozesu garden bat ziurtatzeaz gain, protokoloa indarkeria matxistaz ohartzeko eta kontzientziatzeko ere balio du, prebentzioa lantzen duelako.