Egun osoko egitaraua antolatu du Libre Donostiak Aske Gunearen bigarren urteurrenean
Herritarrei deia egin diete Libre Donostiako kideek, epaiketa politikoekin amaitzeko eskatzeko. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Libre Donostiak Konpromiso Eguna antolatu du apirilaren 11n, hainbat donostiarren aurkako epaiketa politikoak salatzeko helburuarekin. Iazko formula berdina erabiliko dute, eta egun osoan zehar ekitaldiak antolatu dituzte, herritarrek parte hartu dezaten. Horrekin batera, orri zuri bat jarriko dute mahai gainean, nahi duenak bere ekarpena egin dezan. Bestalde, orain laguntza eskaintzeko epea hilaren 16tik 27ra bitartean izango da, eta horretarako webgunea martxan jarriko dute.
Horrela, apirilaren 11ko eguna hausnarketa eta eztabaidekin hasiko dute, Libre Topaketak.02 izenean. Besteak beste, herri erresistentzia eta desobedientzia zibilaren inguruko hausnarketa egingo dute, eta baita hainbat ariketa praktiko ere. Horrekin batera, bertaratuek espetxeratuak izan diren kideen berehalako askatasuna eta makroepaiketa guztien alboratzea eskatuko dute. Amaitzeko, Eleak mugimenduaren eta herriz herri Libre dinamika bultzatzen duten lan taldeen arteko bateratzea egingo dute.
Eztabaida ez da egun horretako jarduera bakarra izango, izan ere, Eleak-en eskutik herri harresien esperientzia kontatzen duen dokumentala ikusteko aukera izango da. Dokumental hori crowdfunding bitartez finantzatu zen, eta Ricard Salomon zuzendari kataluniarrak egin zuen. Horrekin batera, egun guztian zehar izango dira joaldunak, pilotariak, musikariak, bertsolariak eta tabernariak, jaia alaitzeko.
Apirileko jaiarekin batera, hilaren 28an Añorgako Libre Eguna ospatuko da, eta bertan bazkari herrikoia eta kontzertuak eskainko dituzte.
Sei donostiar epaiketetan
Libre Donostiako kide Mikel Eskirozek herritarrei Konpromiso Egunean parte hartzeko deialdia egin die, militantzia politikoagatik espetxeratuak izan diren eta etorkizunean izan daitezkeenei babesa adierazi, eta epaiketa politikoak amaitzeko eskatzeko. Eskirozek azaldu duenez, gaur egun sei dira epaiketa politiko horietan murgilduta dauden donostiarrak. Alde batetik, 35/02 auzian epaituta daude Joseba Alvarez, Agus Rodriguez eta Juani Lizaso; hiruak sententziaren zai daude, espetxeratuak izateko arriskuarekin. Bestetik, Nuria Alzugarai eta Iñigo Baldaren aurkako epaiketa hasi berri dute, Segurako auziarengatik. Horrekin batera, Eskirozek gogora ekarri du laster epaituko dituztela Urko Aierbe eta Ugaitz Elizaran, Ekinen aurkako sumarioan.