'Donostiako memoria feminista, 11 historiaren bidez' izango da ikerketa lanaren izenburua
Mugimendu feministak hirian egindako manifestazioetako bat. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostiako memoria feminista aztertzea eta ezagutaraztea nahi du udalak. Horretarako, beka bat antolatu du,
Donostiako memoria feminista, 11 historiaren bidez izenburupean. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean datorren astean argitaratuko dituzte ikerketa lanaren oinarriak. Behin oinarriak argitaratuta, hilabete bateko epea egongo da proposamenak aurkezteko. Ondoren, irabazlea zein den erabakita, sei hilabeteko epea zabalduko dute lana gauzatzeko, 15.000 euroko dirulaguntza baten bidez.
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak harro eman du bekaren berri: “Beka honen helburua da emakumeek eta mugimendu feministak hiriari egindako ekarpenak ezagutzea, horretan sakontzea, eta ekarpen horiek aitortzea. Azken batean, itzalean egon dena argitara eman nahi dugu. Beka hau, beraz, beste urrats bat izango da berdintasunean aurrera egiteko”.
Aurreproiektuak Berdintasun Bulegoan aurkeztu beharko dira (Okendo kalea, 9). Bi hizkuntzatan egin behar dira lanak eta norbanakoek zein ikerketa taldeek aurkez ditzakete.
Bi aurrekari
Donostiako Udalaren II. Berdintasun Plana 2014ko apirilean onartu zuten. Bertan, nahitaezko kontutzat jo zuten emakumeen partehartze soziopolitiko eta ekonomikoa sustatzea: “Emakumeek hiriari eginiko ekarpenak berreskuratuko duten proiektuak bultzatzea”, dio 5.2 puntuak. Bide horretan, 2000. urtean
Emakume donostiarrak XIX. eta XX. mendeetan izeneko liburua argitaratu zuten; eta 2013an, lehen ikerketa beka baten bidez, emakumeak danborradan izan duen rola aztertu zuten,
Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz izeneko liburuarekin.