Saharar herriarekiko elkartasun ekitaldi bat egingo dute hilaren 15ean
Udaletxean jaima bat jarriko dute, eta jardueraz betetako egitaraua eskainiko dute bertan.
Okupazioaren 40 urte beteko diren urtean, Mendebaldeko Sahararen aldeko elkartasun ekitaldi bat egingo du udalak martxoaren 15ean, igandea. Juan Karlos Izagirre alkateak Mendebaldeko Saharara egin berri duen bidaiaren harira antolatu dute ekitaldia, alkateak berak han jasotako testigantzen berri emango du bertan. Mezuak Mendebaldeko Saharatik dokumentalean jaso dituzte testigantza horiek. El Oasis de la Memoria (Memoria histórica y violaciones de derechos humanos en el Sahara Occidental) eta Meheis: La esperanza posible (Fosas comunes y primeros desaparecidos saharauis identificados)’ ikerketetan ageri diren 261 sahararren lekukotasunetako batzuk entzun ahal izan ditu alkateak bidaian. Donostiako Udaletxean bertan aurkeztu zen ikerketa hau eta orduan jaso zuen alkateak hara joateko gonbita Aminatou Haidar eta El Ghalia Djimiren giza eskubideen ekintzaileen eskutik.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da Donostiako Udaletxean. Udalbatzan jaima bat jarriko dute, eta tea banatuko da. Joseba Apaolaza aktoreak egingo ditu aurkezpen lanak, bera ere lurralde okupatuetan egondakoa baita. Musika ere izango da, Oreka Tx eta Aziza Brahimen eskutik.
Hassanna Aalia giza eskubideen ekintzailea ere bertan izango da egun horretan. Espainiak asilo politikoa ukatu berri dio gazteari, nahiz eta bizi osoko kartzela zigorrera kondenatuta egon. Hassanna Aaliari bereziki eta orohar herri saharar osoari eskeinita egongo da ekitaldia.