Erakunde adierazpena Alderdi Ederreko terrazan irakurri dute. (Argazkia: Donostiako Udala)
Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, udal taldeko alderdi politiko guztiek bat egin dute gaur irakurri duten erakunde adierazpenarekin. Duela hamar urte Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasuneko legea onartu egin zela gogoratu dute, eta lege horrekin urrats garrantzitsuak egin dituztela berdintasunaren bidean. “Legeak lege eta urratsak urrats, ordea, oraindik zeregin ugari dago, eta hori da martxoaren 8an aldarrikatu beharrekoa”.
Hortaz, ondorengoa adierazi du udalbatzak:
1. Donostiako Udalak parekidetasuna, emakumeen kontrako indarkeria, sexu askatasuna, emakumeen ahalduntzea, eta sexuen arteko aukera berdintasunean lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
2. Donostiako Udalak, sexuen arteko aukera berdintasuna Udaleko esparru guztietan lantzeko konpromisoa hartzen du, genero perspektiba alor guztietan txertatzeko ardura hartuaz.
3. Donostiako Udalak, hiri mailan sexuen arteko aukera berdintasunean sakondu ahal izateko, emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlan espazioak, proiektuak lantzeko konpromisoa hartzen du, elkarte eta mugimendu hauen lanak parekidetasunean dituen onurak errekonozituz. Honela, martxoak 8an, emakumeen nazioarteko egunean emakumeen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea zabaltzen du.
4. Donostiako Udalak bat egiten du Emakundek abian jarritako kanpainarekin eta hala adierazten du emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren bidean ezin dela urrats bat bera ere atzera egin. Horretarako, Donostiako Udalak dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu donostiar guztiek emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzen dituzten baloreak bere egin ditzaten, donostiar gazteenei arreta berezia eskainiko zaielarik.