Ikasleen beharretara egokitzeko lehen pausoa eman dute Zubietan; ikastolaren eraikina handitu dute, eta orain, eskaintza 12 urtera arte luzatzea da bertako guraso eta irakasleen erronka.

Haurrak, irekiera ekitaldian, marrazten. (Argazkia: E. Zabala)
Zubietan bertan ikasteko aukera dute bertako haurrek, eskola txikia baitute bertan, eta guztiek oso maitea dutena gainera: «Gurasoak oso gustura gaude, txoratzen. Guretzat hau luxu bat da, haurrak herri inguruan daude, goxo, esku onetan. Eskola txikietan lantzen diren baloreak auzo lanaren filosofiatik datoz, gauzak egin behar ditugu, ez dizkigute egingo. Gainera, herriarekin lotura estua sortzen da», dio Xabier Arregi zubietarrak.
Bi alaba ditu Arregik, bata lau urtekoa, eta bestea, hamaika urtekoa. Biak ere Zubietan ikasten hasi ziren arren, ezin dute Derrigorrezko Lehen Hezkuntza osoa euren herrian bukatu, 2 eta 8 urte arteko ikasleentzako eskaintza baitu eskolak. Ikastolaren eraikina zaharra, txiki geratu zitzaien aspaldian ikasleen beharrei erantzuteko, eta lortu dute euren ametsaren lehen zatia egia bihurtzea: eraikinaren handitzea. Orain, bigarren erronkaren bila doaz: eskaintza 12 urtera arte luzatzea.
Zehazki, bost hilabeteko lanen ostean, urtarrilean bukatu zituzten Zubietako eskolaren handitze lanak, eta otsailetik gela berriez gozatzeko aukera dute. Joan den larunbatean egin zuten irekiera ekitaldi ofiziala, eta bertan izan ziren arduradun eta agintariak.
Aspaldiko eskaera
Azkenean, eskola komunikatearen eskaerari erantzuna eman dio Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Erakundeek 390.000 euroko inbertsioa egin dute; kopuru horren %60 Jaurlaritzak ordaindu du, eta gainontzeko %40 udalak. Eskola handitzeko, berezko eraikinari 331 metro koadroko egurrezko beste zati bat gehitu diote. Gainera, ingurumenari erantzunez, eraikina bioklimatikoa da eta eko-diseinua du, bertako basoen egurrekin egindakoa. Hala, jangela, hiru ikasgela, liburutegia, biltegia eta irakasle gela egin dituzte zati berrian.
Jatorrizko eraikinak, berriz, sarrera gela, bi gela, komuna, eta bulego eta biltegi txikia ditu. Lanek iraun duten bitartean, herriko bi elkarteren laguntza izan dute, eta herritarrek tresna guztiak leku batetik bestera mugitzen lagundu diete.
Betidanik izan dute eskola Zubietan, baina hainbat gorabehera izan ditu. «Gerra aurretik ere bazen eskola Alamandegin. Nire haur garaian, Alamandegin haur hezkuntza egiten genuen, eta ondoren hona igarotzen ginen bosgarren mailara arte. Nire aurrekoek batxilergoa ere hemen egiten zutela esango nuke», gogoratu du Arregik. Izan ere, 1950eko hamarkadan hasi zen eraikin berriaren ibilbidea, baina urteen poderioz haurren jaiotze tasak behera egin ahala, arazoak hasi ziren. Hala, 2009an eskolaren azpiegiturak hobetzeko eskaerari ekin zioten, Lehen Hezkuntzako ziklo osorako aukera izan zezaten ikasleek, 2 eta 12 urte bitartekoa, alegia. «Eskola baldintza txarretan zegoela onartu zuten, baina guk nahi genuenaren aurkakoa nahi zuten, eskolaren eskaintza txikitzea, Haur Hezkuntza bakarrik utziz. Hala ere, 8 urtera arteko eskolaratzea mantentzea lortu genuen, eta horretarako, aurrez fabrikatutako eraikina egin zuten, 2010etik orain arte iraun duena», gogoan du Arregik.
Gaur egun, 44 ikasle ditu Zubietako eskolak, hiru gelatan banatuta. Lau irakasle dituzte jardunaldi osoz, eta bi jardunaldi murriztuarekin. Eraikitako zati berriari esker, baliabide berriak ditu eskolak. Beraz, aurrera begira ari dira lanean. «Orain zentzua dauka azpiegitura hauek edukita, 12 urtera arteko hezkuntza eskatzea», dio Arregik.
Bosgarren ikasturtea betetzen ari da Rosa San Roman egiatarra Zubietako eskolan, egungo zuzendaria da, eta arrazoia eman dio Arregiri: «Gipuzkoan 26 eskola txiki daude eta bik soilik ez dute Lehen Hezkuntza osorik; guk eta Zerainek, eta guk bakarrik dugu beharra». Beraz, egun, Lasartera edo Usurbilera jo behar izaten dute haurrek ikasketekin jarraitzeko.
Usurbil eta Donostia
Herri sentimendua errotua dago Zubietako biztanleen artean, baina administratiboki bitan banatua dago, Usurbilgo eta Donostiako udalerrietan. Izan ere, XIX. mendean erabaki zuten bertako baserritarrek ea zein hiribildutan sartu nahi zuten, eta ordutik Zubieta bitan banatua dago, Arregik ongi azaldu duen moduan: «Herri izaera dugu eta hori ezin digu inork kendu, baina gauza oso bitxiak gertatzen dira. Eskolak berak, badu bere jolastokian Usurbilgo zati bat, eta gainontzeko guztia Donostia da».
Hezkuntza atalean, Donostiari dagokio Zubietako eskola, eta hortik udalak egindako esku hartzea. Hala ere, gertutasunagatik maiz jotzen dute Usurbilgo Udalera mesede eske. Zubietakoaz gain, Donostian bada beste eskola txiki bat, Igeldokoa. Donostiako Udalak 2012tik diruz babesten ditu bi eskola horiek.