Hiriko delitu tasak behera egin zuen 2014an
Aurten prebentzio planekin jarraitzea dute helburu
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak burututako jardueren ondoriozko datu estatistikoen arabera, hirian delinkuentzia nabarmen jaitsi zen iaz. Izan ere, 2013. urtearekin alderatuta, delituek %4 egin zuten behera. Azken urteetako etxebizitzetan eginiko lapurreten goranzko joera, adibidez, eten egin da eta 2014an murriztu egin da lehenengoz.
Delitu mota nagusiak ondarearen aurkakoak dira, lapurretak bereziki, eta hauek %3,94 murriztu dira. Etxe barruko lapurretak lehen seihilekoan nabarmen egin zuen gora, baina ekainean plan bat ezartzea erabaki zuten eta arrakasta lortu zuten. Hala ere, delituen estatistiketan garaje, trasteleku, atari eta patioetan egiten diren lapurretak atala gehitu behar izan dute, horiek %72 hazi baitira.
Indarkeriarekin zerikusia duen delinkuentziak alarma sozial handia pizten du, hau da, lesioak, sexu erasoak eta indarkeria bidezko lapurretak. Bada, Donostian %4 jaitsi ziren era horretako delituak. Esparru publikoetan polizia hiriko erdialdeko kaleetan jendetza biltzea espero den ekitaldietan izan da, eta kanpoaldeko auzoetan poliziaren presentzia areagotu dute, auzotarrek etxerako itzulera segurtasun handiagoarekin egin ahal izateko.
Iaz ez zen hilketarik egon Donostian. Familiako ohiko tratu txarren delituak %16 hazi ziren, baina azkenaldian garrantzia handia du biktimen gero eta kontzientziazio handiagoa izatea; lehen isilpean gordetzen ziren erasoetatik orain asko salatu egiten direlako. Bestalde, droga trafikoaren delituak %35 hazi dira. Bide segurtasunari lotutakoak, berriz, nagusiki alkoholemiak, %7 jaitsi dira.
Azkar eta hurbil
2015 urteari begira, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren helburu estrategikoa prebentzio planak batera egiten jarraitzea da, oinezko patruilak sustatuz. Oinarrian prebentzioa dagoela, bien planak ugarituko dira, jarduteko eraginkortasunean oinarritutako segurtasun maila handiagoa izateko. Patruilak autoz eta oinez ibiliko dira, eta esparru geografiko ahalik eta handienean jardungo dira, herritarren beharrei azkar eta hurbiltasunez erantzuteko.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Donostiako Udalak izenpetutako lankidetza hitzarmenari esker, elkarri informazioa emango diote. Helburua jarduerak bikoiztea saihestea eta poliziaren baliabideen eraginkortasuna areagotzea izango da.