Igeldoko jolas parkean egingo dute, irailaren 4 eta 5ean .Niña Coyote eta Chico Tornado eta Rafael Berrio donostiarrak igoko dira taula gainera. Abonamenduak salgai daude dagoeneko

Niña Coyote eta Chico Tornado, Kutxa Kultur Festibalaren aurkezpenean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Yo La Tengo New Jerseyko indie rock hirukotea da Kutxa Kultur Festibalak laugarren ekitaldirako egin duen fitxaketa garrantzitsuena. Euren kontzertua jaialdiaren historian «mugarri» izango delakoan daude antolatzaileak. Hala adierazi zuen asteartean Sergio Cruzado Ginmusica promotorako arduradunak: «Estatu espainiarrean emango duten kontzertu bakarra izango da. Belaunaldi oso baten soinu banda egin dute, eta uste dugu jende asko erakarriko duela».
Edorta Subijana artista donostiarrak diseinatutako kartelean hizki nagusiz agertzen den beste taldea Irlandatik dator: The Strypes. «Rocka egiteko modua irauli egin dute hogei urteko gaztetxo hauek, eta egun rockaren erreferente direnen onespena lortu dute. Artic Monkeys taldeak euren bira irekitzeko hautatu zuen. Udan bigarren diskoa aurkeztuko dute, eta, hain zuzen, Igeldon euren kanta berriak entzuteko aukera izango dugu», azaldu du Cruzadok.
Malagako Annie B. Sweet abeslariak ere disko berria aurkeztuko du Igeldon eta kartela konpartituko du indie folk amerikarraren musa bihurtu den Angel Olsenekin, Angel Stanichekin –2014ko errebelazioa, Radio 3 hedabidearen arabera– eta Mourn katalanekin.
Joanna Gruesome galestarren pop punk erritmoak, Ainara Legardon bilbotarraren zuzeneko indartsua, Tremenda Trementinaren popa… Donostiarrak ere izango dira. Niña Coyote eta Chico Tornadoren burrunba ez da faltako –astearteko aurkezpenean izan ziren–, eta Rafael Berriok kanta berriak estreinatuko ditu.
Abonamenduak, 35 eurotan
Hogeita hamar talde baino gehiagok joko dute irailaren 4 eta 5ean Igeldoko jolas parkean. Maiatzaren 4an emango dute informazio guztiaren berri, eta orduan hasiko dira eguneko sarrerak saltzen. Abonamenduak atzo jarri zituzten salgai. 35 eurotan eskuratu ahal izango dira. Apirilaren 15etik aurrera, ordea, prezioa igo egingo dute eta 42 eurotan salduko dituzte. Kutxabank, Ticketea eta Ticketmaster zerbitzuetan eskura daitezke.