Kattalin haurreskolak ateak ireki ditu
0 eta 2 urte bitarteko 34 haurrek erabiliko dute Amara Berriko haurreskola berria
Amara Berriko auzotarrek aspaldiko eskaeraren erantzuna jaso dute gaur, izan ere, Kattalin haurreskola publikoak ateak ireki ditu Javier Barkaiztegi kalean. Gaur inauguratu dute Hezkuntza zinegotzi Naiara Sampedrok eta Haurreskolen Patzuergoko kudeatzaile Maite Larrañagak. Datorren astean zabalduko ditu ateak, eta dagoeneko beteta daude eskaintzen dituen 34 plazak. Dena den, maiatzan bigarren izen ematea irekiko dute.
0 eta 2 urte bitarteko haurrak zainduko dituzte haurreskolan, eta gehienez zortzi ordu egongo dira bertan, 7:30etik 17:00ak arte, hain zuzen ere. Larrañagaren esanetan, gurasoei haurren zaintzan lagundu eta haurrak hezi egiten dituzte haurreskoletan:”Haurreskola berrian hiru gela egongo dira, eta baita lo egiteko txokoa eta haurren kotxeak uzteko lekua ere. Horrekin batera, Katalina Erauso ondoko ikastetxearekin jolas lekuaren zati bat partekatuko dute haurrek, guretzat derrigorrezkoa baita jolas tokia izatea”.
Horrela, Donostian 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako lekuen mapa osatu dute Sampedroren arabera: “Haurreskola berri honekin, auzoan zegoen behar handi bat erantzuna eman diogu; gurasoen erantzuna ikusita, argi dugu ezinbestekoa zela gune honetan haurreskola egitea, segituan bete baitira plaza guztiak”. Zinegotziak adierazi duenez, Donostian adin tarte horretako umeentzat 585 plaza publiko eskaintzen dira gaur egun: Bidebieta-Hirusta (76 plaza), Harri Berri eta Erroteta (110 plaza), Ategorritxo (55 plaza), Loiola (34 plaza), Aitor-Egia (21 plaza), Antiguo-Landetxe (84 plaza), Amassorrain (32 plaza), Urbieta-Urdaneta (55 plaza ), Igeldo (21 plaza), Intxaurrondo (21 plaza) eta Zuloaga (42 plaza). Etorkizunean Aieten ere beharrari erantzuna ematea aurrikusi du zinegotziak.
Hilaren 16an, martxan
Haurreskola zerbitzua datorren astelehenean jarriko da martxan, martxoaren 16an. Guztira sei hezitzailek zainduko dituzte 34 haurrak, eta gurasoek behar duten denboraz edukiko dituzte bertan, gehienez zortzi ordu beteta. Udalak 238.670 euro bideratu ditu obra egiteko. eta lau hilabetetan egin dute obra.