Terrazen Ordenantzak zehaztutako 20 metroko gehienezko distantziaren aurka doa baimena elkartearen arabera

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak terrazen ordenantza betetzeko eskatu du. Iruditan, Parte Zaharreko bizilagunak udalbatzarrean, protestan (Argazkia: Lide Ferreira)
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu du udaleko oposizioak baimen berezia eskaini diola Pub SN tabernari, honek terraza ipintzeko aukera izan dezan. Elkartearen arabera, baimen horrek terrazen ordenantza urratzen du, ez duelako gehieneko 20 metroko tartea errespetatzen. Horrekin batera, PSEk, PPk eta EAJk ordenantza aldatzeko aurkeztutako proposamenak baztertu ditu elkarteak.
Pub SN taberna Ijentea kalean dago, udaletxetik gertu. Hain zuzen ere, oposizioak onartu du terraza udaletxearen sarrera dagoen kalean jartzea. Parte Zaharrean Bizikoek azaldu dutenez, eremu horretan ez da 20 metroko distantzia betetzen, eta terraza jartzeak segurtasuna arriskuan jarriko luke. Horrekin batera, terrazak eserleku publikoei lekua kenduko lieke elkartearen arabera: “PPk, PSEk eta EAJk beren nahien arabera arautu nahi dituzte terrazak, eta interesatzen zaien tabernei mesede egin nahi diete. Horren adibide dira, Pub SN tabernarekin batera, Sagues, San Vicente eta Garibai kaleetan onartu dituzten terrazak”.
Ordenantza aldatzearen aurka
Parte Zaharrean Bizi elkartearen esanetan, PSEk terrazen ordenantza aldatzeko aurkeztutako proposamenak atzera pausoa ekarriko lukete auzoan: “PSEk egin nahi dituen aldaketen arabera, terrazen artean soilik metro bateko distantzia egongo litzateke, eta tabernaren %300 handituko lukete tamaina. Horrekin batera, orain dagoen 20 metroko distantzia 30 metrora pasako litzateke. Azkenik, hirugarren ereduko terrazen zabalera 3,5 metrora bueltatuko litzateke. Orokorrean, atzera egitera eramango lukete proposatutako neurriek”.