Otsailaren 25eko denboraleak eraginda harriak eusteko sarea apurtu da Argazkilari Elkartetik gertu, eta maiatza arte itxita egongo da pasealekuaren zati bat

Pasealeku Berria itxita egongo da maiatza arte. (Argazkia: Agurtzane Altuna).
Udalak 95.ooo euro bideratuko ditu Pasealeku Berriko mendi magala indartzeko. Hiri azpiegituretako zinegotzi Nora Galparsorok azaldu duenez, otsailaren 25 denboraleak eraginda harriak magaletik askatu eta babes sarea apurtu dute Argazkilaritza Elkartearen inguruan. Ondorioz, elkartearen eta lehenengo biribilgunearen arteko eremua itxita egongo da gunea konpondu arte. Lanak Aste Santuan hasiko dira, eta Pasealeku Berria maiatzaren hasieran irekiko dute berriro, mazelaren sarea indartuta.
Galparsorok azaldu duenez, oinezkoen bide gainetik dagoen sarea indartsua da eta denboralearen eraginak jasan ditu. Aldiz, Argazkilaritza Elkartearen gainean dagoen sareak ez du bere osotasunean eutsi harri jasa. Sare hori ez omen da bestea bezain indartsua, aurretik egindako ikerketek ez dutelako horren beharrik aurrikusi, baina dirudienez, harri gehiegi askatu dira gune horretan. Horregatik, udalak sare indartsuagoa jarriko du gune horretan ere: “Egindako ikerketen arabera, gune horretan ez lukete horrenbeste harroka erori behar, eta jada jarritako sareak %90 eutsi dio mendi magalari. Dena den, etorkizunean arriskurik ez izateko sarea indartzea gomendatu digute, eta hori egingo dugu”.
Zehazki, hautsitako sarea elkartetik 100 metrora dago, eta magaletik askatutako harria hiru zatitan apurtu zen, guztira 1 metro kuboko bolumena hartuz. Harriarekin batera beste hainbat harroka txiki ere erori ziren, guztira 1,8 metro kuboko bolumena osatuz. Euroestudioseko ikerlariak inguruan izan dira aste hauetan, eta argitaratu duten txostenaren arabera, ez da ohikoa horren harri handiak magaletik askatzea; euriteak eragin zuzena izan duela ondorioztatu dute, eta 22KN metro karratuko sarea jartzeko gomendatu dute.
Txostena ikusi daiteke
hemen.

Hau da sarea apurtu den gunea. (Argazkia: Donostiako Udala)