
Aiete jauregian egingo dute Reiki maratoi solidarioa, Oier Iribarrenen alde. (Argazkia: Lide Ferreira)
Reiki eskuen bitartez energia kanalizatzen duen antzinako teknika bat da, norberaren barru ezagutza bultzatzen duena. Energia chakra izena duten gune energetiko batzuen bidez sartzen da, eta gutxika-gutxika gorputzaren sistema energetikoa orekatu egiten du. Munduko Osasun Erakundeak Reiki osasuna hobetzeko terapia osagarri gisa onartu du. Teknika natural hau herritarrek bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, antolatu duten Reiki maratoiaren baitan. Hortaz, martxoaren 14 eta 15ean, larunbatean eta igandean, jarduera ugariz beteko da Aieteko jauregia: tailerrak, hitzaldiak eta era guztietako saioak (yoga, taichi, reiki, shiatsu…).
Euskal Herrian eta estatu mailan lehenengoa aldia da horrelako ekitaldi bat egiten dutena, eta guztia boluntarioen laguntzagatik egin ahal izan dutela azaldu dute antolatzaileek. “Hasieran talde txiki bat hasi ginen lanean, dena antolatzen, baina azkenean ehun bat boluntario bildu dira eta kolaboratzaile asko izan ditugu”. Horien artean daude: Donostiako Udala, Arzak jatetxea, Londres hotela eta Mahala Baserriko Produktuak.
Sanfilippo gaixotasunari aurre egiteko asmoz, Estatu Batuetatik Euskal Herrira saiakuntza kliniko bat ekartzeko diru gehien biltzea da ekitaldi solidarioaren xedea, eta Stop Sanfilippo fundazioaren bidez, gaixotasun hori duen Oier Iribarren laguntzea. Horretarako, Aiete jauregian sartzeko 5 euro ordaindu beharko dira, eta hurbiltzen direnek hitzaldiak ikusteko aukera izango dute. Saio bakoitzak, aldiz, 10 euroko prezioa izango du eta hiru saioko txartelak 25 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Ekitaldia irekia da eta herritar guztiak bertan parte hartzera animatu dituzte. Larunbatean 10:00etatik 20:00etara izango dira jarduerak, eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:30era.
Sanfilipporen mailak larriena
Oier Iribarren Ibarran bizi den 6 urteko haurra da. Sanfilippo gaixotasunaren mailarik larriena dauka eta, tratamenduren bat lortu ezean, nerabezaroan heriotza ekar dezake. Gaixotasuna anomalia genetiko batek sortzen du. Gizakion zeluletan enzima batzuk daude, gorputzak behar ez dituen gai toxikoak desegiten dituztenak. Enzima horietako bat da Oierrek hondatua duena. Medikuek “biltegiaren gaixotasuna” esaten diote, gai hori organo guztietako zeluletan bilduta geratzen delako, bereziki garunean. Sintomarik ohikoen artean hiperaktibitatea, trebetasun sozialen galera eta egokitzeko ezintasuna daude. Gaixotasunak nerbio sisteman eragin handia du eta bizi itxaropena oso laburra da. Euskal Herrian zazpi kasu daude eta Gipuzkoan Oierrek du bakarrik gaitz hau.
Oierrek lau urte daramatza gaixotasunarekin eta une honetan familiaren arazoa ekonomikoa da. Estatu Batuetako Clevelandeko laborategi batean animaliekin emaitza onak eman dituen tratamendu berri bat probatu nahi dute. Baina ikerlari horiek Euskal Herrira ekarri eta gaixotasuna duten haurrentzako saiakuntza kliniko bat egiteko, hiru milioi euro behar dituzte. Orain arte 1.700.000 euro lortu dituzte, eta Reiki maratoia bezalako ekimenekin diru guztia bildu nahi dute. Hilabete honetan ere, Lazkaon eta Araian egingo dituzte ekitaldi solidarioak.

Aiete jauregian egingo dute Reiki maratoi solidarioa, Oier Iribarrenen alde. (Argazkia: Lide Ferreira)
Reiki maratoia
- REIKI. Saio jarraiak ekitaldi osoan. Bakoitza ordu erdikoa izango da.
- SHIATSU. Saio bakoitza ordu erdikoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 11:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00era.
- Martxoak 15, igandea: 10:00etatik 14:00etara.
- YOGA. Saio bakoitza ordu betekoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara.
- Martxoak 15, igandea: 11:00etatik 13:30era.
- KINESIOLOGIA. Saio bakoitza ordu erdikoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 11:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara.
- Martxoak 15, igandea: 10:00etatik 12:00etara.
- TIBETEKO ONTZIAK. Saio bakoitza 50 minutukoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Martxoak 15, igandea: 10:00etatik 14:00etara.
- MANDALAK. Saio bakoitza ordu betekoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- TAICHI. Saio bakoitza ordu betekoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 11:00etatik 13:00etara.
- MEDITAZIOA. Saio bakoitza ordu betekoa izango da.
- Martxoak 14, larunbata: 16:00etatik 18:00etara.
- GEOBIOLOGIA, FENG SHUI eta FAMILIA KONSTELAZIOAK. Martxoak 15, igandea.
- 10:30-11:30: Hitzaldia. Constelaciones familiares: que son y para que sirven.
- 11:30-13:00: Tailerra.
- 13:00-14:00: Hitzaldia. Geobiologia y Feng Shui, decorar y sanar el hogar.
- CHAKRAK.
- Martxoak 14, larunbata, 18:00-20:00. Hitzaldia: Vinculo entre la personalidad y los chakras.
- ANTZINAKO JAKITURIA eta ESKU SENDAGARRIAK.
- Martzoak 15, igandea, 10:00etatik 14:00etara. Hitzaldiak eta tailerrak.